Politika -

PSOE-ERC bilera

Sanchezentzako ezezkoan jarraitzen du ERCk, Katalunian 'errepresioari' eusten baitio

Alderdi errepublikanoko bozeramaile Gabriel Rufianek bilera izan du ostegun honetan PSOEko Adriana Lastrarekin. Sanchezek ohartarazi du PSOE eta Unidas Podemos bakarrik daudela elkarrizketaren alde.

Gabriel Rufian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Gabriel Rufian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Sanchezentzako ezezkoan jarraitzen du ERCk, Katalunian 'errepresioari' eusten baitio

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren presidente inbestitzeko saioaz PSOErekin hitz egin ostean, Pedro Sanchezentzako ezezko botoaren alde jarraitzen du ERCk; izan ere, ostegun honetan PSOEko Adriana Lastra eta ERCko Gabriel Rufian bozeramaileek izandako bileran, alderdi errepublikanoak ez du "zantzurik" antzeman pentsatzeko PSOEk "Kataluniarako bide errepresiboa" alde batera utziko duela.

Hala dio alderdi independentistak komunikabideei bilera amaituta bidalitako prentsa-oharrak; Lastraren eta Rufianen arteko batzarrak bi orduko baino gutxiagoko iraupena izan du, eta Diputatuen Kongresuan egin dute. Dena den, Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchezek ohartarazi dio ERCri "bakarrik PSOE eta Unidas Podemos" daudela elkarrizketaren alde, "Konstituzioaren barnean", Kataluniako krisi politikoari konponbidea emate aldera.

Lehenengo harreman honen ostean, ERCk baieztatu du “"ezin izango dela aldaketarik egon", Kongresuko talde errepublikanoaren jarreran, "berme horiek izan ezik".

Nolanahi ere, bi aldeek uste dute beharrezkoa dela bilerekin jarraitzea, eta ERCk espero du batzar hau izatea "egon behar diren beste batzuen bezpera".

Negoziazio-mahaia

Oharrean, ERCk berresten du haren apustua dela "gatazkari konponbide politikoa ematea, negoziazio-mahai baten bidez, eta Kongresuan eta Kataluniako Parlamentuan blokeaturik dauden premiazko gai sozialetan aurrera egitea".

Bilera, ERCren esanetan, "erabateko begikotasuneko giroan" egin dute.

PSOE topaketak egiten hasi da, gainerako parlamentu-taldeekin, bilera-sorta baten barnean, Unidas Podemosekin koalizio-gobernua adostu eta gero; topaketa horien xedea da Pedro Sanchezen inbestidurarako babesak erdiestea.

Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak (ERCkoa da) ohartarazita zuen zein den inbestidurako abstentziorako baldintzetako bat: "berdinen arteko" negoziazio-mahai bat deitzea, denetarik eztabaidatzeko, autodeterminazio-eskubideaz ere bai.

PSOEk asteazkenean ekin zion topaketei, EAJrekin eta Mas Pais-Compromisekin. Arratsalde honetan Teruel Existerekin bilduko da; ordezkari batekin sartu da alderdi hori Kongresuan.

Sanchez: "Soilik PSOE eta Unidas Podemos daude elkarrizketaren alde"

Bere aldetik, PSOEko lider Pedro Sanchezek ERCri gogorarazi dionez, nazio-mailako alderdiei dagokienez, soilik PSOE eta Unidas Podemos daude elkarrizketaren alde, "Konstituzioaren barnean", Kataluniako krisi politikoari konponbidea emateko.

Sanchezek "erantzukizuna" eta "eskuzabaltasuna" eskatu dizkie indar politiko guztiei, Unidas Podemosekin sinatutako aurreakordioa ez blokeatzeko; Sanchezek espero du abenduan ibiltzen hastea "ilusioa sortzen duen" Gobernu hori.

Akordio "historiko" horren aurka dauden alderdiei, Sanchezek eskatu die esateko zein aukera proposatzen duten Gobernurako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Albisteak PSOE Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak ERC azken ordukoa