Politika -
Inbestidura
Alderdien erreakzioak, Sanchez-Iglesias akordioaren aurrean
PPk atea itxi dio "edozein kolaboraziori", Voxek esan du "PSOEk komunismo bolivartarra besarkatu" duela, ERCk Katalunian elkarrizketa hastearen mende utzi du, eta EAJk hitz egin nahi du erabaki aitzin
agentziak
Pedro Sanchez PSOEren buruzagiak eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak koalizio gobernu baterako aurreakordioa iragarri izanak erreakzio kate luzea ekarri du Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdien partetik, eta horien artean ikusi behar da inbestidura hipotetiko baten aurrean zein jarrera izateko asmoa duten.
Pablo Casado PPko presidenteak esan duenez, Sanchezek ateak itxi dizkio "popularrekin elkarlana" izateari, gobernua "erradikalizatzea" aukeratu duelako.
Santiago Abascal Vox alderdiko presidentearen hitzetan, "PSOE komunismo bolivartarrari besarkatzen ari zaio, estatu kolpe baten erdian dauden aliatuei".
Marta Vilalta ERCko bozeramaileak iragarri duenez, bere alderdiak PSOEren eta UPren arteko gobernua osatzeko aurreakordioa arbuiatzen du, eta inbestiduran 'ezetz' bozkatuko du Kataluniarekin elkarrizketa politikorik ez badago.
Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramaileak PPren eta PSOEren erantzukizunari dei egin dio alderdi laranjarekin akordio "moderatua eta konstituzionalista" lortzeko, "Espainiaren onerako"; eta esan du oraindik badela denbora "Sanchezek atzera egiteko".
Laura Borràs JxCaten eledunak adierazi duenez, azken hilabeteotan aldatu den gauza bakarra da Pedro Sanchez jarduneko presidenteak "Unidas Podemos 155. artikuluko esparru mentalean sartzea lortu duela".
Aitor Esteban EAJko bozeramaile eta diputatu hautetsiak esan du bere alderdia "pozik" dagoela aurreakordioarekin, eta "arduratsua eta eraikitzailea" izango dela, nahiz eta inbestidurarako botoa erabaki aurretik Sanchezekin eta Iglesiasekin hitz egin nahi duen.
Navarra Sumaren bozeramaile eta UPNko presidente Javier Esparzak "atzera egiteko" eta "konstituzionalistei dei egiteko" eskatu dio Sanchezi, eta ohartarazi du ez direla "inoiz independentismoaren menpe dagoen gobernu baten alde" egongo.
Joan Baldovi Espainiako Kongresuko Més Compromiseko diputatu hautetsiak aurreakordioa ospatu du, eta bere koalizioak bat egingo duela hitzeman du, "Valentziako aldarrikapenei kasu egingo dien ezkerreko akordio baten alde". "Orain (akordioa) zehaztea dagokigu", azpimarratu du.
Ana Ponton BNGren bozeramaile nazionalak aurreakordioa begi onez jo du, baina oraindik xehetasun gehiago ezagutzeko zain dagoela esan du. "Galiziako agenda batekin" konpromisoa izanez gero, alderdi nazionalistaren babesa izango duela gaineratu du.
Jose Miguel Barragan CC-PNCko idazkari nagusiak esan du "albiste ona" dela, Estatuak Gobernua izateko "abiapuntua" delako "gutxienez", baina bere alderdiaren jarrera bilera errondaren ostean erabakiko dutela argitu du.
Isidro Martinez Oblanca Foro Asturiaseko diputatu hautetsiak iseka egin du Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak loa berreskuratu duela dirudielako.
Pedro Quevedo NC-CC-PNC Kongresurako Las Palmaseko diputatu hautetsiak adierazi du akordioa "ona" dela blokeo politikoa amaitzeko.
Ramon Alzariz PSNko antolakuntza idazkariak txalotu egin du gobernu "aurrerakoia, plurala eta elkarbizitzakoa" osatzeko aurreakordioa; Nafarroarentzat "albiste handia" dela uste du, "aniztasuna errespetatuko duelako eta gure autogobernuari mesede egingo diolako".
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen ustez ere, sinadura "albiste ona da lehen urrats gisa, oraindik asko baitago ikusteko, Gobernu baten eraketa prozesuan eta, beraz, nolabaiteko egonkortasun instituzionalaren bidean".