Politika -

Tsunami Demokratikoa

Tsunami Demokratikoaren protestak Behobiako mugaraino iritsi dira

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan hainbat kilometroko pilaketak izan dira, protestan parte hartu duten ehunka ibilgailuen eta kamioien zirkulazio handia izan delako.

Euskal Tsunamia AP-8 autobidean, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.
Euskal Tsunamia AP-8 autobidean, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.
Behobiako muga, guztiz kolapsatuta

1:31

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tsunami Demokratikoak astearte arratsaldean AP-8 autobidean Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga blokeatzeko deia egin du.

Deialdiari erantzunez, arratsaldean, ehunka ibilgailu abiatu dira bertarantz, bi zutabetan, Donostiako Garbera merkataritza-gunetik eta Urruñatik, abiadura motelean.  

21:00ak inguruan, 16 kilometrorainoko pilaketak zeuden Behobian, Irungo noranzkoan, protestaren ondorioz eta kamioien joan-etorriak sarritan sortzen dituzten ilarengatik. Gainera, atzo jaieguna izan zen Frantzian, eta kamioiek galarazita izan dute gaur arte Ipar Euskal Herrian zirkulatzea.  

"Barraskilo operazioa" lelopean, 18:00etatik aurrera Donostiako Garbera zentro komertzialean, Oiartzungo ordainlekuan eta Urruñan biltzeko eskatu die manifestariei, eta orduko 60 kilometroko abiaduran eta AP-8ko bi erreiak erabiliz joan dira denak bata bestearen atzetik Behobiara bidean.

Ilara luzeak izan dira hainbat orduz, eta protestan parte hartu duten asko ibilgailuetatik jaitsi dira, ikurrinak eta Kataluniako bandera independentistak eskuetan hartuta.

Ertzaintzak errepidera atera diren manifestariak identifikatu ditu. Halaber, ibilgailuak AP-8 autobidetik N-121 errepidera desbideratu ditu, Behobia inguruan, eta, ondorioz, Tsunami Demokratikoaren karabana ez da Biriaturaino iritsi.

Tsunami Demokratikoak 23:00etan eman du amaitutzat Euskal Herrian egin duen lehendabiziko protesta.

"Katalunia eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko urratsa" izan dela eta autodeterminazioa gauzatzeko "urrats gehiago" eman beharko direla azpimarratu du, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. "Lortuko dugu. Mila esker Euskal Herria!", erantsi dute.

Tsunami Demokratikoaren mezua

Goizean, Tsunami Demokratikoak katalanez, euskaraz eta ingelesez idatzitako mezuak zabaldu ditu sare sozialetan. Ohar horietan esaten duenez, Euskal Herria eta Katalunia "aspalditik dabiltza euren eskubide demokratikoen alde lanean, eta horrek Estatuarekin talka egitera eraman ditu".

Tsunami Demokratikoaren ustez, "Katalunia eta Euskal Herriarentzako eskaintza demokratikoaren garaia da. Horregatik Estatuari argi esaten diogu: Spain, sit and talk".

"Arazoa ez dira Katalunia eta Euskal Herria, arazoa Estatu espainiarra bera da, ez delako gai bizi duen lurralde auziari irtenbide demokratiko bat emateko. Bi gatazken irtenbideak hautetsontziak jartzea eta erreferendumak egitea eskatzen du. Autodeterminazio eskubidea errespetatzea", azaldu du Tsunami Demokratikoak.

Horren esanetan, deialdia "elkartasunetik harago doa, herriok gure eskubideen alde elkarlanean arituz indartsuagoak baikara". "Herri oso bat olatu bat bezala kalera ateratzen denean, gai da Europar Batasuneko estatu errepresoreena gainditzeko", gaineratu du.

Adierazpena Lluis Llach abeslariaren "L'estaca" kanta ezagunaren pasarte bat aipatuz amaitu du Tsunami Demokratikoak: "Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan! Ikusiko dek nola-nola laister eroriko dan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Katalunia Politika Albisteak Gipuzkoa Kataluniako erreferenduma Frantzia Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Albisteak Manifestazioak Kataluniako prozesua zuzenean