Politika -
Emaitzak
Eta orain zer? Gorte berriak eta beste inbestidura konplexu bat
Alderdiek bide oso zaila hasiko dute orain, inbestidurarena, hain zuzen ere, derrigorrezko geldialdi batekin: Kongresuaren eta Senatuaren osaketa abenduaren 3an.
Agentzia | Ererdakzioa
Kongresuko 350 eserlekuak banatu dituzte dagoeneko. Ordezkaritza lortu duten alderdiek bide oso zaila hasiko dute orain, inbestidurarena, hain zuzen ere, derrigorrezko geldialdi batekin: Kongresuaren eta Senatuaren osaketa abenduaren 3an.
Igandeak hauteskundeen amaiera markatu du eta, aldi berean, Parlamentu berriak forma hartzeko eta funtzionatzen hasteko epearen hasiera.
AZAROAK 18
350 diputatu eta 208 senatari hautetsiak ganberetara joango dira, eserlekuez jabetzeko tramiteak betetzeko.
Legealdiaren hasiera ez ofiziala moduko bat da. Probintzietako hauteskunde-batzordeetako egiaztagiriak entregatuko dituzte hautetsiek Kongresuan eta Senatuan. Era berean, ondasunak aitortu, kotizazioen inguruko informazioa eman, profilen argazkiak egin eta mugikor eta tableta elektronikoak jasoko dituzte.
Gainera, ordezkaritza parlamentarioa duten alderdiak Kongresuko eta Senatuko Mahaiak osatzeko hitz egiten hasiko dira.
Behe-ganberako gobernu organoa bederatzi diputatuk osatzen dute, eta Senatukoa zazpi senatarik.
ABENDUAK 3
XIV. Legealdiko Gorteak osatzeko egun bezala finkatzen du hauteskunde deialdirako errege-dekretuak. Ordurako mahaien osaketa itxi beharko dute alderdiek.
Jardunaldi parlamentarioak sekuentzia berezia du: diputatu berriek ez dute eserleku zehatzik, heltzen diren heinean ahal duten tokia hartzen dute.
Ondoren, 'adineko mahaia' osatuko dute, diputatu zaharrenak eta bi gazteenak zuzenduta; Kongresuko eta Senatuko mahaien osaketa bozkatu; Presidentetza berriak parlamentarien kargu jabetzea gidatu, eta azkenik, presidenteak legealdia martxan jarriko du.
Saioa bukatuta, demokraziaren hamalaugarren legealdia abiatu dela jakitera emango diote erregeari, baina hasiera ofizialki emateko ekitaldiaren data ezagutzeko egun batzuk gehiago itxaron beharko ditu monarkak.
Hurrengo 15 egunetan egin beharko litzateke, Kongresuko araudiaren arabera, baina agertoki politikoaren ziurgabetasunak atzeratzera behartu ohi du.
Kongresuko eta Senatuko makineriak ibiltzen hasiko dira: taldeen osaketa, eserlekuen banaketa, diputatuen bulegoen banaketa, etab.
ABENDUAK 12
Ordezkaritza parlamentarioa duten alderdiek talde propioa aurkezteko epemuga da; izan ere, Gorteak osatu eta bost egun baliodun dituzte horretarako.
Abenduak 6 jaieguna da, 7 eta 8 asteburua dira eta 9 ere jaieguna da; ondorioz, 12a epemuga izango da.
Talde propioa osatzeko 15 eserleku baino gehiago izan behar dituzte alderdiek, eta hala ez bada, baina bost baino gehiago baldin badituzte, aurkeztutako barrutietan botoen % 15 edo Estatu mailan bozen % 5 gainditu behar dute.
Prozedura garrantzitsua da: alde batetik, Kongresuak eta Senatuak ematen dizkien diru-laguntzak kobratzeko aukera ematen die talde propioei; bestetik, Behe-ganberako presidenteak erregeari Parlamentuan dauden alderdien berri eman ahal izango die, inbestiduraren inguruko bilera-sorta abiatzeko, beti ere presidentegai bat aurkezten bada.
Inbestidura saioren aurreneko bozketarekin batera Gobernu berriaren erlojua martxan jarriko da, aurrera ateratzen ez baldin bada. Bi hilabete izango dituzte.
Baina ordura arte ez dago epe bat ezarrita. Denbora asko edo gutxi igarotzea hautagaien borondatearen menpe egongo da.