Politika -
Botere banaketa
Urkullu: 'Sanchezek Fiskaltzari buruz esandakoek Justizia politizatzen dute'
Urkulluren iritziz, Estatu ereduaren krisiaren konponbideak “elkarrizketaren bideari, erakundeen konfiantzari eta izaera politikoko proposamen eraikitzaileei berriro ekitea eskatzen du”.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak “desegokitzat” jo ditu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Fiskaltzari buruz egindako adierazpenak, eta hitz horiek “Justiziaren politizazioan sakontzen” dutela esan du.
Mie (Japonia) prefekturarekin akordioa sinatu ostean, Sanchezek atzo egin zituen adierazpenei buruz hitz egin du Urkulluk, Gasteizen egindako agerraldian. Izan ere, Carles Puigdemont Espainiaratzeko, bere gobernuak ahal duen guztia egiten ari dela esan zuen Sanchezek, eta Fiskaltzak bere aurkako euroagindua aktibatzea eskatu duela jarri zuen adibide gisa.
Halaber, ondoko galdera erretorikoa egin zuen: "Noren menpe dago Fiskaltza?”. Galdera horrek, ordea, Moncloaren agindurik jasotzen ez dutela ziurtatu duten fiskalen elkarteetan haserrea eragin zuen.
"Sanchezen adierazpen horiek aspalditik salatzen ari garen Justiziaren politizazioan sakontzen dute", esan du Urkulluk.
"Justiziaren independentzia bermatzea beharrezkoa da, eta arazo politikoei irtenbide politikoak ematea ezinbestekoa da", azpimarratu du lehendakariak.
Testuinguru horretan, Urkulluren iritziz, Estatu ereduaren krisiaren konponbideak “elkarrizketaren bideari, erakundeen konfiantzari eta izaera politikoko proposamen eraikitzaileei berriro ekitea eskatzen du”.
Bestalde, Pedro Sanchezek atzera egin du gaur, eta adierazpen horiek ez zirela beharrezkoa izan onartu du. Hala, Estatuko Fiskal Nagusiaren izendapena Espainiako Gobernuaren esku dagoen arren, erakundea "autonomoa" dela azpimarratu du.