Politika -
Mehatxuak
EH Bilduko hautagai batek kalean jasan dituen mehatxuak eta irainak salatu ditu
Ertzaintzak mehatxuak eta irainak jaurti zizkion pertsona identifikatu du. Andoni Rojok gertatutakoa salatu du, eta mugikorrarekin grabatutako bideoa zabaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Rojo Kongresurako EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak Bilboko kale batean jasan dituen mehatxuak eta irainak salatu ditu. Bere telefono mugikorrarekin grabatutako bideo batean ikus daitekeenez, gizon bat modu erasokorrean hurbildu zitzaion.
Rojok azaldu duenez, gertaera duela egun batzuk jazo zen, Venezuela plazan. EH Bilduk Bilbon duen egoitzatik irten zenean, ezezagun bat mehatxuka eta irainka hurbildu zitzaion, eta bere alboan egon zen hamar bat minutuz.
Orduan, EH Bilduren zerrendan hirugarren denak Ertzaintzari deitu zion, eta bertaratu ziren ertzainek pertsona hori identifikatu zuten. Jarraian, Rojok gertatutakoa salatu zuen ondoko epaitegi batean, mehatxu larriak eta gorroto delitua leporatuta.
Bere esanetan, “faxismoa zuritzen denean zer gertatzen den” erakusten du gertaera horrek, pentsaera hori dutenak “oldartu egiten direlako”. Hala, “demokrata guztien betebeharra gisa horretako jendea gelditzea” dela azpimarratu du.
Rojok, bideoa Twitter bidez zabaldu du, eta, bertan, jarrera oldarkorra duen gizon bat ageri da, aurpegia ezkutatu gabe, grabatzen jarraitzera bultzatzen duena.
Gizonak, “ordu gutxi” gelditzen zaizkiola esaten dio EH Bilduko hautagaiari, eta, besteak beste, “lerdoa”, “maritxua”, “ergela” eta “koldar madarikatua” bezalako terminoak erabiltzen ditu Rojo iraintzeko.
Halaber, “gaizkileentzako amnistia eskatzen duten kartelak erretiratzeaz nazkatuta” dagoela aurpegiratzen dio gizonak Rojori. “Laster ez dut kartel gehiago kendu beharrik izango, ezingo dituzuelako jarri. Delitu bat da eta jazarriko zaie. Inkisizioa hemen da”, dio ezezagunak.
Gainera, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari gertatutakoaren berri ematera bultzatzen du, modu erasokorrean.