Politika -

Botere-banaketa

Fiskaltza Espainiako Gobernuaren menpe dagoela esan du Sanchezek, polemika piztuta

PSOEko buruzagiaren adierazpenak alderdi politikoen haserrea eragin du. Estatuko Fiskaltzak ere oharra kaleratu du erabakiak autonomiaz eta inpartzialtasunez hartzen dituela esanez.

Pedro Sanchez, joan den asteleheneko hauteskunde-eztabaidan. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez, joan den asteleheneko hauteskunde-eztabaidan.
Pedro Sanchez, joan den asteleheneko hauteskunde-eztabaidan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak esan du Fiskaltza Espainiako Gobernuaren menpe dagoela eta adierazpen horrek hautsak harrotu ditu.

Joan den asteleheneko hauteskunde-eztabaidan Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua Espainiara eramango zuela agindu zuen eta gaur, RNE irratian egindako elkarrizketa batean, Espainiako Gobernua helburu horrekin lanean ari dela erantsi du.

Halaber, ondoko galdera erretorikoa egin du: "Eta Fiskaltza, noren menpe dago? Bada, horixe", azpimarratu du.

Adierazpen horrek erreakzio soka luzea ekarri du. Alderdi politikoek gogor kritikatu dute Sanchez, eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak berak ere oharra kaleratu du Kataluniako buruzagi independentisten kontrako auzian fiskalek “autonomiaz, legearen baitan eta inpartzialtasunez” aritu zirela azpimarratuta.  

PSOEren buruzagiak atzera egin nahi izan du, eta sare sozialetan mezu bat idatzi du, goizean esandakoa zehaztuz. Espainiako Gobernuak Fiskaltza babesten duela, eta Puigdemont berme guztiekin eta inpartzialtasunez epaitzeko lan egingo duela nabarmendu du.  

Nolanahi ere, mezu horrek ez du haserrea baretu. Lehendabizi, fiskalen elkarteek eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak erantzun diote, eta jarraian iritsi dira alderdi politikoen kritikak.

Ildo horretan, Kataluniako alderdi independentistak izan dira gehien sumindu direnak. "Eskandalu amaigabe baten aurrean gaude", salatu du Quim Torra Generalitateko presidenteak.

Puigdemontek, berriz, ondoko mezu idatzi du Twitter sare sozialean: “Berriro okertu zara. Ez nabil justiziarengandik ihesean. Belgikako justiziaren esku nago eta bermerik gabe ni aske uzteko erabakia hartu zuen. Hanka-sartze larria egin duzu eta, atzera egin nahi baduzu, saiatu zaitez berriro”.   

Laura Borras JxCATeko zerrendaburuaren iritzian, adierazpen horrekin Sanchezek argi utzi du Espainian ez dagoela botere-banaketarik. Carolina Teletxea ERCko ordezkariaren arabera, PSOEko buruzagiak esandakoa oso larria da.  

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Epaiketak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Kataluniako prozesua zuzenean Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Hauteskunde inkestak