Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Sanferminak 78 elkarteak kereila bat jarri du Marlaskaren eta Zoidoren kontra
1978ko sanferminen ikerketa oztopatzeko "borondate nabarmena" dagoela adierazi du elkarteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sanferminak 78 Gogoan elkarteak eta Fermin Rodriguezek (1978ko sanferminetan hildako German Rodriguezen anaiak) kereila bat jarri dute ustezko ezkutaketa eta erabilgaitz delituagatik Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren eta Juan Ignazio Zoido ministro ohiaren kontrako dokumentuetan.
"1978ko sanferminetako gertakariak oztopatzeko borondate nabarmena dago Estatuko Administrazioaren eta arduradun desberdinen aldetik", adierazi dute elkartetik.
Kereila 1978ko sanferminen inguruan poliziak egindako txosten bati dagokio. "Horren lanketa eskatu zuen Diputatuen Kongresuak eta Barne ministroa zen Rodolfo Martin Villak landu zuen", adierazi dute. Txostenak beste hiru txosten ditu aldi berean.
SF-78k azaldu duenez, txosten hori "froga bezala eskatu zuten German Rodriguezen heriotzaren ondorioz irekitako 82/80 sumarioaren barruan". "Probintzia Auzitegiak onartzean, hainbat aldiz eskatu zuten froga, baina inoiz ez zen auzitegira bidali", kritikatu du elkarteak. Horrez gain, dokumentuak "eragin nabarmena" izango lukeela prozesu irekian azpimarratu du.
Bestalde, 2017ko abenduaren 20an Kongresuko hainbat diputatuk txostena aurkeztea eskatu ziotena Barne Ministerioari azaldu dute, eta 2018ko ekainaren 27an ere eskatu ziotela Grande-Marlaskari. "Erregistroetan ez dago eskatutako txostena", izan zen erantzuna bi kasuetan.