Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Eba Blanco: 'Arnaldo Otegi eta EH Bildu Eusko Alkartasunaren ordezkariak dira'
"EAren presentzia inoiz baino argiagoa da gizartean", adierazi du idazkari nagusiak. Aitortu du ez duela Maiorga Ramirezekin hitz egiten; ondorioz, "beste solaskide batzuk" izango dira beharrezkoak.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Alderdia batzea, horren barnean dauden sentsibilitate guztien artean irekitako hausturaren ostean; horixe da Eba Blanco Eusko Alkartasunaren idazkari nagusi berriaren helburua: "Gehiengoak batu egiten gaitu: komuneko hastapenak eta xedeak ditugu", esan du Blancok, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, elkarrizketa batean. "Zubiak berreraiki behar ditugu, eta EAren etorkizunean pentsatu", gehitu du.
Nolanahi ere, haren izendapena auzitegietan dago aztergai, ildo kritikoak salatuta: "Afiliatuok eztabaidatu behar ditugun arazoak konpontze aldera, ez du epaile batek laguntzarik emango".
Batzuen iritziaren aurka, Eba Blancok baztertu egin du haren buruzagitzak zilegitasunik ez izatea: "Afiliatuek eta alderdiaren organoek babestuta sentitzen naiz". Haren ustez, onena izango zen hautagaitza batzuk aurkeztu izatea idazkaritza nagusira, baina, gogora ekarri duenez, Maiorga Ramirezek ez zuen bereganatu araudiak eskatzen duen abal-kopurua.
"Ez dut Maiorga Ramirezekin hitz egin. Esan didanez, ez du nirekin hitz egingo hautagaia izan arte; hortaz, beste solaskide batzuk bilatu beharko ditugu", nabarmendu du Blancok.
Eusko Alkartasuna eta EH Bildu
Eusko Alkartasunak EH Bilduren barruan duen tokiaren gainean, Eba Blancok ezeztatu egin du haren asmoa izatea EAk koalizioan indarra galtzea: "Ez dut esan, eta ez dut horretan sinesten. Bi aukera ditugu: 2009an ginen hartara bueltatzea, ala EH Bilduren barruan lan egitea". Idazkari nagusiaren esanetan, “Arnaldo Otegik Eusko Alkartasuna ordezkatzen du; are gehiago, EH Bilduk Eusko Alkartasuna ordezkatzen du.
Blancok dioenez, "EAren presentzia inoiz baino handiagoa da gizartean"; izan ere, EH Bilduko ordezkarien adierazpenek bat egiten dute Carlos Garaikoetxeak sortutako alderdiaren ildo ideologikoarekin.