Politika -

Katalunia

Hautetsien Batzarrak 'proces' auziaren epaia gaitzetsi eta elkarrizketa eskatu du

Kataluniako indar independentistetako 2.000 kargudun hautetsi baino gehiagok adierazpen bateratu bat onartu dute, eta zigortutako buruzagi independentista guztientzat amnistia eskatu dute.

Kataluniako Kargu Hautetsien Batzarraren lehen bilera. Argazkia: EFE
Kataluniako Kargu Hautetsien Batzarraren lehen bilera. Argazkia: EFE
Kataluniako Kargu Hautetsien Batzarraren lehen bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Kargu Hautetsien Batzarrak aho batez onartu du Auzitegi Gorenak 'proces' auziaren aurka emandako epaia gaitzestea, eta, beraz, zigortutako buruzagi independentista guztientzat amnistia eskatzea. Halaber, Kataluniako gatazka konpontzeko, elkarrizketarako deia egin diote Estatuari.

Horiek dira Kataluniako indar independentistetako 2.000 kargudun hautetsik baino gehiagok asteazkenean onartutako adierazpen bateratuak jasotzen dituen puntu nagusietako batzuk. Besteak beste, ERC, PDCat eta CUP alderdietako zinegotzi, diputatu eta senatariek parte hartu zuten atzo Hautetsien Batzarrak Bartzelonan egindako lehen bileran.

Testuinguru horretan, Auzitegi Gorenak urriaren 1eko erreferendumaren inguruan emandako epaia gaitzetsi du Hautetsien Batzarrak adierazpen horren lehen puntuan, "zigortutako pertsonen eskubide zibil eta politikoak ez ezik, herritarren eskubideak ere urratzen dituelako, eta eskubide horien adierazpena eta erabilera, askatasuna eta disidentzia politikoa zigortzen dituelako".

Horregatik, preso dauden buruzagi independentista guztientzako amnistia eskatu dute, herrialdetik kanpo dauden buruzagiak Kataluniara itzuli ahal izatea eta "errepresio judizial, politiko, sozial, ekonomiko eta polizialaren amaiera". Ildo horretatik, herri mobilizazioaren eta Kataluniako erakundeen subiranotasunaren defentsaren alde egin dute.

Horrez gain, elkarrizketarako deia egin diote Estatuari, eta Kataluniako gatazka "politikara itzuliko duen negoziazio mahai bat" eskatu dute. Alabaina, nazioarteko bitartekaritza beharrezkotzat jo dute helburu hori lortzeko.

"Autodeterminazioaren alde eta Kataluniako herritarrei haien etorkizun politikoa hautetsontzietan erabakitzeko aukera emango dien irtenbide politiko baten alde lan egiten dugu", adierazi du Kataluniako Kargu Hautetsien Batzarrak bart adostutako adierazpen bateratuaren azken puntuan.

Kudeaketa batzorde batek batzar hori zuzentzeko lan egingo du hemendik aurrera, eta hurrengo batzarrean eztabaidatu eta bozkatuko den gobernantza proposamen bat egiteaz arduratuko da. Halaber, sinatzaileek eskubide zibil, sozial eta politikoak babesteko konpromisoa hartu dute, baita "errepresioa pairatzen dutenen alde" egoteko ardura ere.

Halaber, Spain, seat and talk ekimena bultzatzeko konpromisoa hartu dute. Zehazki, udal, autonomia eta estatu mailako erakundeetako hautesleekin hitz egitea du helburu, "errepresioa, Estatuaren atzerakada demokratikoa eta elkarrizketarako deia egiteko". Buruzagi independentistek nazioartera zabaldu nahi dute egitasmo hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean