Politika -
Ekainean onartu zuten
Kataluniako Kanpo Ekintzaren Plana bertan behera utzi du Auzitegi Konstituzionalak
Espainiako Gobernuak hori zuen eskatuta; izan ere, haren iritziz, Plana Generalitatearen jarduketa-arlotik kanpo zegoen.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Kanpo Ekintzaren Plana bertan behera utzi du Auzitegi Konstituzionalak asteazken honetan. Espainiako jarduneko Gobernuak hori zuen eskatuta; izan ere, haren iritziz, Plana Generalitatearen jarduketa-arlotik kanpo zegoen, eta ez du errespetatzen Estatuak kanpo-ekintzaren koordinazioaren arloan duen eskumena.
Epailearen erabaki batean, Berme Auzitegiaren osoko bilkurak aho batez onartu du Espainiako Gobernuaren eskaera, eta, kautelazko neurri moduan, bertan behera utzi du ekainaren 25ean onartutako EBrekin Harremanen eta Kanpo Ekintzaren 2019-2022 Plan Estrategikoa (Estatu Kontseiluak ere abala eman zion eskariari).
Espainiako Gobernua Konstituzioaren 161.2 artikuluan oinarritu zen eskaria gauzatzeko, Plana berehalakoan bertan behera geratzeko; Kataluniako Gobernuak, abuztuan, ezezkoa eman zion jasotako aginpiderik ezaren errekerimenduari.
Erabakiak urriaren 28tik aurrera du eragina; izan ere, Espainiako Gobernuak orduan aurkeztu zuen eskumeneko kontu positiboa. Orain, Konstituzionalak Generalitateari eman dio aukera, egokitzat jotzen dituen dokumentuak eta alegazioak aurkez ditzan.
Hilaren 18an aurkaratu zuten
Espainiako Gobernuak hilaren 18an adostu zuen aurkaratzea Generalitatearen Kanpo Ekintzaren Plana Berme Auzitegiaren aurrean; izan ere, Estatuak kanpo-politikan dituen eskumenak hondatzen zituen, eta leialtasun konstituzionalaren hastapena urratzen zuen, berezko eskumenen erabilpenean.
Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak orduan argudiatu zuenez, planak ez du aipatzen kanpo-ekintzaren beste subjekturik, ez dio ezer ekintza hori koordinatzeko beharraz, eta ez dio Estatuari aipamenik egiten, ez eta horrek egiten duen koordinazio-lanari ere.
Horrez gain, , eta Estatu Kontseiluak zer zuen esana kontuan izanik, bozeramaileak nabarmendu zuen zein testuingurutan onartu zen plana: "Prozesu independentista bat zen" testuinguru hori, "eta horren asmoetako bat zen Espainiaren nazioarteko irudiari ospea kentzea".
Pedro Sanchezen Gobernuak, abuztuan, errekerimendua egin zion Generalitateari, kontu horien gainean ohartarazteko, baina Alfred Bosch Kanpo Ekintzako kontseilariak erantzun zuen Kataluniako Gobernuaren kanpo-politika "guztiz legezkoa, legitimoa eta beharrezkoa" dela, eta ez zuela asmorik aldatzeko planaren "koma bat ere".