Politika -

Auzitegi Gorena

Gorenak baliogabetu egin du Atutxa, Knorr eta Bilbao zigortzeko eman zuen epaia

Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik zigortu zituzten 2008an. Hiru legebiltzarkideek epaiketa justua izan ez zutela ebatzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2017an.

Atutxa, Bilbao eta Knorr, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako irudia.
Atutxa, Bilbao eta Knorr, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako irudia.
Atutxa, Knörr eta Bilbao errugabe jo ditu Gorenak

2:00

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren II. Aretoak baliogabetu egin du 2008ko apirilaren 8an emandako epaia, alegia, Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Ganberako Mahaiaren kide ohi Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao desobedientzia-delitua egotzita kondenatu zituen epaia. Hain zuzen ere, Gorenak Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaiaren ondorioz hartu du erabaki hori; izan ere, GEEAren iritziz, prozesu zuzena izateko aipatutakoen eskubidea urratua izan zen. Desobedientziagatik zigortu  zituen 2008an Gorenak, 2003an Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteari uko egin ziotelako.

Gorenak Atutxak, Knorrek eta Bilbaok aurkeztutako berrikuste-helegitea onartu du. Atutxari urtebete eta sei hileko gaitasungabetze-zigorra ezarri zion, eta 18.000 euroko isuna; beste biei, aldiz, urtebeteko gaitasungabetze-zigorra eta 12.000 euroko isuna.

Epaian, Gorenak adierazten du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak, Espainiako ordenamendu juridikoan, "lotesleak" direla, "zalantzarik gabe"; ondorioz, 2008ko epaia ezeztatzea adostu du.

2017ko ekainean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohiari eta Ganberako Mahaiaren kide ohi Kontxi Bilbaori eta Gorka Knorri "epaiketa zuzena izateko zuten eskubidea" urratu zietela, Gorenak kondenatu zituenean, 2008an.

Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak adierazten zuen Espainiako justiziak urratu egin ziela berme guztiekin egindako epaiketa baterako eskubidea (Giza Eskubideen Konbentzioaren 6.1 artikuluak aitortzen du eskubide hori).

Ebazpenean, GEEAk azaltzen zuen Atutxak eta beste bi legebiltzarkideek ez zutela izan eskubiderik haien aurkako akusazioak kontraesanean jartzeko; izan ere, epaitutako eginkizunak instantzia txikiago batek aztertu gabe zigortu zituen Gorenak.

Auzitegi Gorenaren zuzenketa "berandu iritsi da"

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ikuspuntu politiko eta instituzional batetik begiratuz gero, Auzitegi Gorenaren erabakiak "balio garrantzitsua" daukala, Atutxa, Knörr eta Bilbaoren "ohorea eta izen ona" berresten duelako.

Urkulluk gogoratu du aurrez Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuela epaiketan hiru zigortuen oinarrizko eskubideak urratu zirela.  

"15 urte baino gehiago igaro dira, baina erabaki honek balio garrantzitsua dauka ikuspuntu instituzional eta politiko batetik. Zigor-sententziaren baliogabetzeak hiru arduradun hauen ohorea eta izen ona berresten ditu", idatzi du sare sozialetan.  

Bestalde, Eusko Alkartasunak azpimarratu du hiru parlamentariak inoiz ez zituztela epaitu behar izan, "eta are gutxiago zigortu". Halaber, Gorenaren epaiaren baliogabetzea "16 urte berandu" iritsi dela salatu du.

"Espainiako justiziak beste ohartarazpen bat jaso du eta oraingoan Auzitegi Gorenak berak ere atzera egin du, baina honek oinarrian dagoena agerian zuten du: Espainiako justiziak ez du bermerik ematen", ohartarazi du Eak komunikatu batean.  

Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Gasteizko Ganberako hiru kide ohiei esker ona adierazi die, bere garaian "Legebiltzarraren subiranotasuna zorrotz defendatu zutelako".

"Hasieratik esan geunen errugabeak zirela eta hasietarako salatu genuen prozesu judizial hura erabaki politiko baten ondorio zela", ekarri du gogora.

Horrez gain, Tejeriak deitoratu du jada ezinezkoa dela eragindako kaltea konpontzea.

 

  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Urkullu albisteak Eusko Legebiltzarra Auzitegi Gorena albisteak Eusko Alkartasuna Eguneko albisteak Albisteak Estrasburgoko Auzitegia epaiak