Politika -

Iruña

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Navarra Sumari Comiruñako dietak kentzea adostu dute

Mayak nabarmendu duenez, arauek diotena “zorroztasun osoz” bete du beti. Hala, Comiruñaren estatutuek “dietak kobratuko direla” esaten dutela azpimarratu du.

Iruñeko Udala. Artxiboko argazkia: EiTB
Iruñeko Udala. Artxiboko argazkia: EiTB
Iruñeko Udala. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udaleko oposizioko hiru alderdiek (EH Bildu, PSN eta Geroa Bai) Navarra Sumako gai kargudunei Comiruña batzordeko dietak kentzeko akordio bat lortu dute, eta formula hori azaroaren 21ean sar daiteke indarrean.

EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Enrique Mayaren gobernuko bost goi-kargudunei Comiruñako dietak (361,5 euro saio bakoitzeko) kentzeko Osoko Bilkuraren gehiengoaren agindua betetzeari uko egin dio “eskuindar hirukoteak” (Navarra Suma osatzen duten UPNAk, PPk eta Ciudadanosek), eta, jarrera horrek, oposizioko hiru alderdien akordioa ahalbidetu du.

Testuinguru horretan, Navarra Suma akordio hori betetzera behartuko du Osoko Bilkuraren gehiengoak. Formula horrek bi urrats ditu: lehenik eta behin, Osoko Bilkuran eskatuta, enpresa publikoaren ezohiko Batzar Orokorra egitera behartu, eta, bertan, estatutuak aldatzeko idatzi bat aurkeztuko da, dietak kobratzeko aukera kentzeko.

Bestalde, Osoko Bilkuraren bitartez, Joseba Asiron, Maite Esporrin eta Patxi Leuza batzar horretan udal ordezkari eta ordezko izendatuko dira, proposamena aurkezten dela ziurtatzeko.

Gauzak horrela, Enrique Maya alkatea ez da udal ordezkaria izango, “eskuindar  hirukotearen buruzagiak udal gehiengoaren agindua betetzearen gutxiespena erakutsi baitu jendaurrean”.

Oposizioko hiru alderdiek adostutako proposamena, aste honetan bertan formalki aurkezrtuko da Comirulako batzordean, eta aurreko legegintzaldian idatzi zituzten PCH eta Udal Eragile Energetikoaren estatutuak hartuko dituzte eredu gisa gainsoldata horiek eragozteko asmoz.

Iruñeko Udaleko hiru indar aurrerakoien arteko akordioak barne hartzen du, halaber, estatutu-aldaketa gauzatzeko data-proposamena, zeina, nolanahi ere, eskaera egin eta bi hilabete baino lehen egin behar da.

Horrela, Udalak enpresa horren jabegoa izanik, Iruñeko 27 zinegotzien ordezkaritzarekin bat etorriko litzateke Comiruñako Ezohiko Batzar Orokorra, eta Iruñeko Udaleko Batzorde Aretoan egingo litzateke, azaroaren 21ean.

Aldez aurretik, deialdi honetarako Administrazio Kontseiluak Osoko Bilkurara eramango duen proposamenean, Joseba Asiron Saez izendatuko da Batzar Orokorreko udal-ordezkari, eta Maite Esporrin Las Heras eta Patxi Leuza Garcia izango dira ordezko.

PSNren jarrera deitoratu du Mayak

Bestalde, PSNk EH Bildurengandik hurbilago egoteko asmoz “egunero urratsa bat gehiago” ematen duela deitoratu du Enrique Maya Iruñeko alkateak. Izan ere, Maite Esporrin sozialista mankomunitateko presidenteordea izatea eta Comiruñako goi-kargudunei dietak kentzeko akordioa lortzea hori horrela dela frogatzen du.

Mayak nabarmendu duenez, arauek diotena “zorroztasun osoz” bete du beti. Hala, Comiruñaren estatutuek “dietak kobratuko direla” esaten dutela azpimarratu du. “Arrazoi horregatik aldatu nahi dituzte estatutuak orain", gaineratu du Mayak, eta zalantzan jarri du oposizioak adostutako formula hori aurrera egin ahal duenik.

Horrez gain, Comiruñako batzordean esertzen diren teknikariek beren gain hartzen dituzten ardurengatik dietak kobratu ahal izatea babestu du Mayak, eta, ildo horretatik, aurreko legealdian aldaketaren indarrek dietak kentzea erabaki zuela zehaztu du, politikarien soldatetan "bi batzordetan parte hartzeagatik jasoko litzatekeenaren pareko dietak" sartu zituelako.

Nolanahi ere, "dieten auziaz harago, PSNren jarrera oso larria da", esan du Mayak, eta "alderdi hori noraino iritsiko den" galdetu du, oposizioko hiru alderdiek lortu duten akordioari buruzko informazioa zabaldu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Navarra Suma