Politika -
euroagindua
Puigdemonten estradizioaren gaineko erabakia abenduaren 16ra arte atzeratu dute
Generalitateko presidente ohiaren defentsak saioa abendura arte atzeratzea eskatu du, estrategia hobeto prestatu ahal izateko, eta epaileak onartu egin du eskaria.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako Generalitatearen presidente ohiaren aurkako atxiloketa- eta emate-aginduaz erabakia hartu behar duen lehen auzialdiko auzitegi belgikarrak erabaki du astearte honetan auziaren gaineko bista abenduaren 16ra arte atzeratzea, agintari ohiak zehaztu duenez (egun horretako arratsaldean egingo dute).
Puigdemonten defentsak esana zuen astearte honetan Kontseiluaren Ganberan egitekoa zen bista atzeratzea eskatuko zuela, idatzizko oharrak aurkeztu ahal izatea xede. Abokatuak azaldu duenez, epe honetan argudioak prestatuko ditu; aurreko euroaginduan aurkeztutakoak izango dira oraingoan ere, eta, gainera, gogora ekarriko du Kataluniako presidente ohiak immunitatea duela, eurodiputatu hautatu dutelako.
Belgikako Fiskaltzak, estraditatzearen alde
Aurretik, Simon Bekaert Puigdemonten abokatuak aurreratuta zuen Belgikako Fiskaltzak presidente ohia Espainiara estraditatzea eskatuko zuela gaur, sedizioa eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita,
Bekaerten hitzetan, Fiskaltzaren jarrera bat dator Auzitegi Gorenaren eskaerarekin. Generalitateko presidente ohiaren abokatuaren arabera, estradizio-eskaera Belgikako Fiskaltzak aurkeztutako alegazio idatzietan agertzen da.
Fiskaltzaren ustez, Puigdemont bi delitu horiengatik Espainiako justiziaren esku utz dezakete, estradizioa ahalbidetzeko, Generalitateko presidente ohiari leporatutako delituen baliokidetasuna aurkitu behar baita Belgikako araudian.