Politika -
DBE
DBE aldatzeko akordioak adostea eskatu die Arartekoak alderdiei
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta arautzen duen legearen aldaketaren xedea izango litzateke Euskadin egoerarik ahulenean dauden herritarren beharrei modu egokian heltzea.
Agentziak | Erredakzioa
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta arautzen duen legea aldatzeko beharrezko akordioak adostea eskatu die Manuel Lezertua Arartekoak alderdi politikoei; aldaketa horren xedea izango litzateke Euskadin egoerarik ahulenean dauden herritarren beharrei modu egokian heltzea.
Ostegunean, Legebiltzarreko osoko bilkuran, Lezertuak 2018ri dagokion bere Urteko Txostena aurkeztu du; batzorde parlamentarioan, aldez aurretik, zehaztuta zuen txosten hori.
Gogora ekarri duenez, Ararteoak, 2018an, 14.549 jarduera gaizatu zituen, aurreko urtean baino % 8 gehiago; horietatik, 9.205 kexak eta kontsultak izan ziren, eta 61, aldiz, ofiziozko espedienteak.
1.658 kexa-espediente ebatzi zituzten, eta 1.113 ebazpen eman. Kasuen % 84tan, administraritzek erreklamazioa sortu zuen jarduera zuzendu eta aldatu zituzten.
Txostenak jasotzen duenez, gizarte-bazterketaren aurkako borrokaren baliabideekin lotutako erreklamazioak gutxitu egin ziren; izan ere, 2018an 713 tramitatu ziren, eta 2017an, aldiz, 829. Gehienek Lanbideren jardueraren arazoekin izan zuten lotura, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin eta Bizitzaren Prestazio Osagarriarekin.
Ez zioten erreformari heldu 2018an
Lezertuak deitoratu du 2018an ez ziotela heldu DBE arautzen duen legea aldatzeari, eta galdegin die alderdiei "ahalik eta adostasun handiena" lortzen saiatzeko, aldaketa hori gauzatzea xede. Helburua izango litzateke herritarren talde “ahulenen” behar sozialei behar bezala aurre egitea.
Hori ez da izan Arartekoak eskatu duen lege-erreforma bakarra; izan ere, esan du "premiazkotzat" jotzen duela Euskadin lege-esparru berri bat onartzea indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko.
Ildo horretan, deia egin du berdintasunaren euskal legea aldatzea xede duen prozesua arintzeko; helburua litzateke biktima izanaren akreditazio-sistema ezartzea, emakumeek ez izateko zertan aurkeztu salaketa penalik laguntza ekonomiak jasotzeko aukera izateko.
Halaber, Arartekoak ohartarazi duenez, administraritza publikoek haren gomendioei ematen dieten erantzuna "ez da batere idilikoa"; izan ere, batzuetan, erantzunik ere ez du jasotzen, administraritza horien aldetik. Horrek erakusten du "herritarrekiko begirunerik gabeko jarrera" dagoela.