Politika -

Francoren desobiratzea

Nola egingo dute Francoren desobiratzea?

Diktadorearen hilkutxa senideek aterako dute Erorien Haraneko basilikatik eta helikoptero batean joango dira Mingorrubioko hilerrira.

Franco diktadorearen hilobia Erorien Haranean. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Franco diktadorearen hilobia Erorien Haranean.
Nola aterako dute hobitik Franco diktadorea?

1:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak ostegun honetan aterako dituzte Erorien Haraneko basilikatik eta Espainiako Gobernuak desobiratzeari buruzko xehetasunak eman ditu.

Basilikan desobiratzea gauzatzeaz arduratuko diren langileak, Espainiako Justizia ministroa eta Francoren hogei bat senide izango dira. Ezingo da irudirik grabatu.  

Familiak hala eskatuta, Santiago Cantera prioreak –Francoren desobiratzearen aurka agertu da beti- diktadorearen gorpuzkiak bedeinkatuko ditu. Ondoren, hilkutxa lepoan hartuta aterako dute senideek.

Hilkutxa Espainiako Armadaren helikoptero batean eramango dute Mingorrubioko hilerrira. Helikopteroan Francoren iloba bat eta Justizia ministroa joango dira.  Gainerako guztiak autoetan egingo dute hilerrirako bidea.

Eguraldi txarragatik helikopteroa aireratzea ezinezkoa balitz, ibilgailuz eramango dute Francoren hilkutxa.

Ezustekorik ez badago, hegaldiak 10 minutuko iraupena izango du. Helikopteroak hilerri ondoan hartuko du lurra.

Hobiratzeari dagokionez, basilikan Francoren senideak, Justizia ministroa eta lurperatzeaz arduratuko diren langileak soilik egongo dira.  

Erorien Haraneko prioreak eta apaiz batek -Antonio Tejero guardia zibil kolpistaren semea- elizkizun bat eskainiko dute.

Francoren desobiratze prozesua gauzatzeko Espainiako Gobernuak 63.061,40 euro erabiliko ditu guztira. Migorrubio hilerriko panteoiaren obra burutzeko 39.000 euro inbertitu dituzte; Erorien Haraneko harlauza aldatzeko, berriz, 5.000 euro inguru.  

Halaber, ehorztetxeari 13.000 euro ordainduko dizkiote emandako zerbitzuagatik.

Espainiako Gobernuak uste du datorren astearterako irekita egon litekeela berriro Erorien Harana, Francoren hilobia zegoen lekua egokitzeko lanak amaituta.

'Francisco Franco' idatzia zuen harlauza gorde egingo dute, baina non jakinarazi gabe.

Espainiako Gobernuak Mingorrubioko hilerriko segurtasun neurriak indartu ditu, presentzia sentsoreekin, segurtasun kamerekin eta hesia indartuta. Horregatik, Gobernuak espero du aurki joan ahal izango direla handik Espainiako poliziak.

Francoren emaztea dagoen panteoia Estatuaren Ondarearen jabetzakoa da. Gobernuak, orain, panteoiaren esleipena erosteko aukera eman dio familiari, baina horrek uko egin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa