Politika -
Elkarretaratze antifaxista
Istiluak eta 22 atxilotu, Vox Bilbon ekitaldi politikoa egiten ari zen bitartean
Ortega Smith Euskaldunatik atera eta Ertzaintzako dispositiboaren buruengana joan da. Voxen jarraitzaileei "pasatzea eragozten" ari zitzaiela salatu du Smithek.
Agentzia | Erredakzioa
Sare Antifaxistak deituta, 200 bat pertsona bildu dira Euskalduna Jauregi parean, Bilbon, Voxek bertan egin duen mitinaren aurka protestatzeko, eta faxismoaren aurkako talde horren kontra kargatu du Ertzaintzak. Gutxienez 22 pertsona atxilotu dituzte, Segurtasun Saileko iturriek ETBri jakitera eman diotenez. Gainera, bi ertzain zauritu dira liskarretan.
Voxek ekitaldi politikoa egin du igande arratsalde honetan Bilbon, eta Santiago Abascal presidenteak eta Javier Ortega Smith idazkari nagusiak parte hartu dute.
17:30 jota, Sare Antifaxistak deituta, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute Euskalduna Jauregiaren aurrealdean, eta Santiago Abascalen, EAJren eta faxismoaren aurkako eta amnistiaren aldeko oihuak bota dituzte.
Ordu erdi lehenago, 17:00ak aldera, Ertzaintzak trafikoa itxi du Jesusen Bihotza plaza eta Euskalduna Jauregia bitartean, eta polizia-hesia zabaldu du, Voxen aurka bildutakoak Doña Casilda parkeraino eramanda.
Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusia Euskalduna Jauregitik atera da, eta Ertzaintzako nagusiengana joan, Voxen jarraitzaileen "sarrera oztopatzen" ari zirela salatuz.
BIDEOA: Ortega Smithek elkarretaratze antifaxista bat desegiteko eskatu dio Ertzaintzari
"Jendaila hori presioa eta bortxa egitera etorri da, ekitaldi hau zapuzten saiatzera", kritikatu du. Gainera, "elkarretaratze horretarako nork eman duen baimena" galdetu die ertzainei, eta "zergatik ez den lehenbailehen desegin".
Une horretan, bertan bildutakoak ozenago oihukatzen hasi dira, eta Ertzaintzak karga egin du haien kontra. Jendea sakabanatu egin da orduan, eta Bilboko Kale Nagusitik Poza kalera abiatu. Han, hainbat edukiontzi gurutzatu dituzte errepidean, eta su eman diete.
Manifestarien korrikaldiak eta Ertzaintzaren oldarraldiak errepikatu egin dira Abandoibarrean eta San Mames inguruan, Athletic norgehiagoka jokatzen ari zen bitartean. Manifestari batzuek barrikadak egin eta edukiontziak gurutzatu dituzte errepidean, Sabino Arana etorbidean. Beste batzuk Zubiarte merkataritzagunean sartu dira, ertzainak atzetik zituztela.