Politika -
ATZERA KONTAKETA
Franco deshobiratzeko erabiliko diren makinak Erorien Haranean sartu dira
14:50 aldera sartu dira Haranera, diktadorearen hilotza deshobiratzeko lanetan arituko diren makinak. Urriaren 25a baino lehen egin beharra daukate operazioa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Francisco Franco diktadorearen hilotza Erorien Haranetik aterako duten makinak gaur arratsaldean sartu dira bertara, bertan dagoen jatetxe batek Twitter kontuan jakitera eman duenez.
Hospederia de la Santa Cruzetik zabaldu dutenez, 14:50 aldera sartu dira makinak bertara.
Jatetxeak bideoa igo du bere sare sozialetara. Bertan, kamioi bat ageri da, CAT markako manipulatzaile teleskopiko laranja bat gainean duela. Bideo horren ostean, beste bat argitaratu dute "bazkaltzeko erreserba zuten 300 pertsona bertara sartu ezinda geratu" direla salatuz.
Ez dago deshobiratzeko data ofizialik, baina 22 asteartea eta 23 asteazkena artean izan daitekeela zabaldu da komunikabideen artean. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak duela egun batzuk iragarri zuenez, urriaren 25erako amaituta egongo da operazioa.
Gainera, Gobernuak familiari zein komunikabideei 48 ordu lehenago abisatzeko konpromisoa hartu zuen.
Publikoarentzat, urriaren 11ko 18:00etan itxi zituzten Erorien Haraneko ateak, prozesua prestatzen hasteko.
Diktadorearen gorpua Mingorrubioko hilerrira eramango dute, El Pardo auzora.