Politika -

KATALUNIAKO ISTILUEN BALANTZEA

13 pertsonak ospitaleratuta jarraitzen dute Katalunian, bat oso egoera larrian

Buruko traumatismoa duen polizia nazional bat da larrien dagoena. Bestalde, 24 pertsona bidali dituzte espetxera eta beste 93 igaro dira epaileen aurretik.

Ostiralean Bartzelonan atxilotuta manifestari bat. Argazkia: EFE
Ostiralean Bartzelonan atxilotuta manifestari bat.
13 pertsona atxilotu dituzte bart Bartzelonan berriro izandako istiluetan

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei gau gogor bizi izan dituzte Katalunian, eta, horien ondorioz, 13 pertsonak ospitaleratuta jarraitzen dute. Generalitateko Osasun Kontseilaritzatik jakitera eman duenez, bat oso larri dago.

Honela banatu dituzte zaurituak:

- Vall d'Hebron Ospitalea(2): Buruko traumatismoa duela oso larri zegoen neska bat larri dagoela jakinarazi dute orain, onera egin baitu. Ospitale berean, arin zauritutako pertsona bat dago.

- Sagrat Cor Ospitalea (2): Buruko traumatismoa duen polizia bat larri dago baina kontziente. Zentro berean, beste agente bat dago, besoa, omoplatoa eta hanka apurtuta, ebakuntzaren zain.

- Saint Pau Ospitalea (6): Polizia nazional bat oso larri dago eta zainketa berezien gelan dute, azken orduetan zertxobait onera egin badu ere. Gainera, begia galdu duten hiru zauritu larri daude. Zauri arinagoak dituen pertsona bat ere badago, eta onera egiten ari den beste pertsona bat ere bai.

- Puigvert Fundazioa (1): Saint Pautik eraman duten zauritu larri bat dago bertan. Oftalmologian aditu dira bertan.

- Gironako Trueta Ospitalea (2): Bi zauritu larri daude. Horietako bat ostiralean balkoira suziri bat bota zioten emakume bat da. Estelada bat zuen balkoian eta bera han zela, ultra batzuek bengala bat bota zioten. Bestalde, alta eman diote begi bat galdu duen beste pertsona bati.

24 pertsona espetxera, eta 93 epaile aurrera

Bestalde, gutxienez 24 pertsona espetxera bidali dituzte eta beste 93 epailearen aurrera eraman dituzte aste honetan zehar, Katalunia osoan izan diren protestekin lotuta.

Espetxera bidali dituzten 24 pertsonetatik 12 Bartzelonan atxilotu zituzten, 5 Gironan, 2 Tarragonan eta 5 Lleidan. Epailaren aurretik igaro diren 93 lagunetatik 63 aske geratu dira, kautelazko neurriekin.

Desordena publikoak, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua, kalteak eta lesioak egozten dizkiete.

Bartzelonako istiluek 2,5 milioi euroko kalteak eragin dituzte

Bestalde, Bartzelonako Udalak asteartetik gaur arte hirian izandako txikizioen balantzea egin du eta 2,5 milioi eurotik gorako kostua izango dutela kalkulatu dute, erretako edukiontziak (1.035), bide seinaleak, zorua, semaforoak, koadro elektrikoak, zuhaitzak eta hiriko beste hainbat elementu kontuan izanda.

Udaleko langileen aparteko orduak ere gehitu behar zaizkio kostu horri, garbiketako langileenak, batez ere.

Buch pozik istiluek behera egin dutelako baina "lapurretak" izan direla ohartarazi du

Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilariak "balorazio positiboa" egin du bart istiluen kopuruak behera egin duelako, baina Bartzelona erdialdeko denda askotan "harrapaketak" izan direla salatu du.

Printzipioz, egun hauetan protestan ibili diren talde biolento batzuek "eragindako delinkuentzia" izan daitekeela esan du.

Bestalde, txalotu egin du indarkeria erabili nahi zutenak geldiarazteko izan diren herri ekimenak. Atzo, adibidez, Urquinaonan hainbat herritarrek geldiarazi egin zituzten istiluak sortu nahi zituztenak. "Horrek argi uzten du Kataluniako herria ez dela biolentoa" adierazi du.

"Ordena publikoko arazoa" besterik ez dela esan du Marlaskak

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esan du "ordena publikoko arazoa" besterik ez direla azken egunotako istiluak, eta "segurtasun indarren jarduerarekin" amaituko dela horiekin. "Beste demokrazia batzuetan gertatzen den bezala, ordena publikoko arazo baten aurrean gaude, eta istiluak sortzen ari direnek Konstituzioarekin eta Zigor Kodearekin egingo dute topo", esan du.

Kataluniako gertakarien jarraipena egiteko Moncloan egin duten batzordearen osteko agerraldian, Marlaskak esan du istiluak "gutxitzen" ari direla eta "bertan behera uzteko planari eustsi" diotela.

Sanchez presidentea Katalunian gertatzen ari denaren "kudeaketan" "lehen minututik" dabilela ere esan du, eta hurrengo egunetan hara joateko aukera mahai gainean dagoela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak