Politika -

PROZES-AREN EPAIA

Cuixartek 'sakrifizio' gehiago eskatu du: 'Manifestazioekin ez da nahikoa'

Omnium Culturaleko presidente ohiaren iritziz, "etengabeko" mobilizazioek "Estatua mugiaraztea" lortuko dute. Gizartearen papera "presioa egitea" dela ere esan du, "indarkeriarik gabe, beti ere".

Jordi Cuixart prozes-aren kontrako epaiketan. Argazkia: EiTB
Jordi Cuixart prozes-aren kontrako epaiketan.
Jordi Cuixart prozes-aren kontrako epaiketan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohia bederatzi urtera zigortu zuen Auzitegi Gorenak, sedizio delituagatik. Kartzelatik, idatzizko elkarrizketa eman dio TV3ri eta bertan, aldaketak eskatu dizkio mugimendu subiranistari, "bakoitzak galde diezaiola bere buruari zer sakrifikatzeko prest dagoen, manifestazioekin ez baita nahikoa eta konpromiso gehiago hartu behar baitira" esan du.

Cuixartek adierazi du prozes-aren epaiak "ateak irekitzen" dizkiola "totalitarismoari" eta Kataluniako erakundeek zein alderdi politikoek "erantzun bateratua eta adostua" eman behar dutela.

Oraintxe independentismoak estrategia bateratutik ez izatea kritikatu du: "Politikariei arazoak konpontzeko ematen diegu botoa, horregatik kobratzen dute. Benetan ezin dutela erantzun bateratu bat eman Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak?".

Mugimendu subiranistak "aldatu" egin behar duela ere uste du Cuixartek. "Bakoitzak galde diezaiola bere buruari zer sakrifikatzeko prest dagoen. Manifestazioekin jada ez da nahikoa, konpromiso gehiago hartu behar dira. Eta gizartearen zati bati kostatu egiten zaio hori" hausnartu du.

Gizartearen funtzioa "presioa egitea" dela ere adierazi du, "indarkeriarik gabe, beti ere, eta oinarrizko eskubideak egikarituz".

Omnium Culturaleko presidente ohiaren iritziz, "etengabeko" mobilizazioek "Estatua mugiaraztea" lortuko dute. "Amnistia, autodeterminazioa eta Estatuak negoziatu beharko duen irtenbide politiko" direla helburuak zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak