Politika -

Gutuna

Torrak Sanchezi: 'Zuk ez didazu indarkeria gaitzesteko leziorik emango'

Generalitateko presidentearen ahotan, Sanchezek "kataluniarren ordezkariarekin hitz egiteari uko egiten dio eta, are okerrago, inolako elkarrizketarik ez du nahi".

Quim Torra Generalitateko presidentea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Quim Torra Generalitateko presidentea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Quim Torra Generalitateko presidentea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuari gutun bat bidali dio larunbat honetan. Indarkeriaren aurka borrokatzeko edo gaitzesteko orduan lezioak eman nahi izatea aurpegiratu dio Sanchezi.

Generalitateko bertsioaren arabera, Sanchezek ez du Torraren telefono dei bat hartu eta, aldiz, Moncloak erantzuteko mezu bat bidali du komunikabideen bidez, aurrena indarkeria "irmo" gaitzesteko eskatuz.

"Indarkeria gaitzetsi eta haren aurka borrokatzeko orduan zuk ez didazu leziorik eman behar, azken urteetan nik, mugimendu independentistak bezalaxe, indarkeria guztiak gaitzetsi ditut beti", gogorarazi du.

Torraren hitzetan, Sanchezek "kataluniarren ordezkariarekin hitz egiteari uko egiten dio eta, are okerrago, inolako elkarrizketarik ez du nahi".

Zentzu horretan, "Kataluniarentzako kontakizun politikorik eta proposamenik ez duela berriro agerian geratu da", salatu du.

"Kataluniarentzako kontakizun politikorik eta proposamenik ez duela berriro agerian geratu da"

Une honetan "elkarrizketari uko egitea", Gorenaren epai "bidegabeak kataluniarren haserrea" piztu ondoren, nazioarteak "inola ere ulertuko ez duen erabateko arduragabekeria da", ohartarazi dio Torrak Sanchezi.

Hala eta guztiz ere, elkarrizketa aldarrikatzeari utziko ez diotela esan du Kataluniako presidenteak: "Beti aurkituko gaitu, autodeterminazio eskubidearen ariketan Kataluniaren eskubide legitimoaz hitz egiteko prest".

"Ez dagoen aitzakiarik" ez bilatzeko eta "politika demokratikoki egiteko" erantzukizuna onartzeko eskatu dio Torrak Espainiako jarduneko gobernuburuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa