Politika -
OSTIRAL ILUNTZEKO ISTILUAK
64 atxilotu eta 182 zauritu Katalunian, bart izandako istiluetan
Mossoek 54 pertsona atxilotu zituzten eta Polizia Nazionalak beste 10. Gainera, Osasun Larrialdietarako Zerbitzuak(SEM) 182 pertsona artatu zituen eta 63 osasun zentroetara eraman behar izan zituzten.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Esquadra Mossoek 54 pertsona atxilotu zituzten atzo Katalunian, 'prozes'aren epaiaren kontrako bosgarren istilu gauean. Desordena publikoak eta autoritatearen agenteen aurkako atentatua leporatzen diete.
Bartzelonan Via Layetanan (Polizia Nazionalaren komisaria nagusia dago bertan) eta Urquinaona plazan kontzentratu ziren liskarrak. Bertan, 12 lagun atxilotu zituzten Mossoek. Lleidan beste 18 pertsona atxilotu zituzten, 12 Gironan, 9 Tarragonan, 2 erdialdean eta bat Sant Celonin.
Espainiako Poliziak beste 10 pertsona atxilotu zituen Layetana etorbidean.
SEMek 182 zauritu artatu ditu eta 63 osasun zentroetara eraman dituzte
Bestalde, Osasun Larrialdietarako Zerbitzuak (SEM) jakitera eman duenez, 182 pertsona artatu behar izan dituzte azken orduetan Katalunian, horietatik 152 Bartzelonan.
SEMek zehaztu du Bartzelonako 50 zauritu osasun zentroetara eraman behar izan zituztela eta besteei lekuan bertan eman zietela alta.
Bartzelonatik kanpora, 7 pertsona artatu zituzten Tarragonan, 12 Gironan, 6 Lleidan, bat C-58 Batzelona parean, bat Terrassan (Bartzelona), bat Alellan (Bartzelona), bat Montcada i Reixacen (Bartzelonan) eta beste bat Molins de Rein (Bartzelona).
Guztira, 63 pertsona eraman behar izan zituzten osasun zentroetara.
Marlaska Bartzelonara joan da Buchekin eta poliziaburuekin biltzera
Fernando Grande-Marlaska funtziotan den Espainiako Barne ministroa Bartzelonara joan da larunbat honetan, Kataluniako segurtasun operatiboko buruekin elkartzera.
Kataluniako Barne Kontseilaritzan dagoen CECOR Koordinazio Zentroa bisitatu du eta Buch kontseilariarekin batera, Mossoen, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren buruekin bildudira.
Istiluetan zauritutako lau poliziak ere bisitatu ditu Bartzelonako Sagrat Cor hospitalean.
Bederatzi zauritu larri, eta bat oso larri
Guztira, 18 pertsona daude une honetan Kataluniako ospitaleetan ingresatuta, aste honetan izan diren istiluengatik. Bat oso larri dago eta bederatzi larri.
Generalitateko Osasun Departamentuak esan duenez, oso larri dagoen pertsona Vall d'Hebron ospitalean dago. Buruko traumatismoa du.
Larrien zaurituetako bost Sant Pau ospitalean daude. Hiruk "objektu esferikoek eragindakoak izan daitezkeen" (pilotak) lesioak dituzte begietan. Bik begi bana galdu dute eta hirugarrena ebakuntza egiteko zain dago. Kataluniako Segurtasun kontseilaria ospitaleko arduradunekin izan da gaur.