Politika -
'Proces' auziaren epaia
Sanchez: 'Zuzenbidezko Estatuak ezin du amore eman asalduraren bulkadaren aurrean'
Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteak nabarmendu du ez dela "zigorgabetasunik" izango azken egunotako gertaera “bandalikoen” harira.
Agentziak | Erredakzioa
Proces auziaren epaiaren kontrako protesten eta istiluak aztertuta, Espainiako Gobernuaren jarduneko presidente Pedro Sanchezek nabarmendu du "zuzenbidezko Estatuak" ezin duela "amore eman asalduraren bulkadaren aurrean"; adierazi ere adierazi du ez dela "zigorgabetasunik" izango azken egunotako gertaera "bandalikoen" harira.
Europako Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Sanchezek berretsi du "aurreikusita" dagoela "Katalunian hartu beharreko edozein erabaki", eta erantzuna diseinatu dutela hiru hastapen kontuan izanik: "Irmotasun demokratikoa, batasuna eta proportzionaltasuna". Ohartarazi du, halaber, legeak berak zehazten duela noiz hartu ahal diren ezohiko neurriak, eta noiz ez.
Gainera, gogora ekarri du ezohiko neurri horiek "zilegitasun soziala" izan behar dutela, eta jendeak ulertu behar duela "noiz hartzen diren".
Espainiako Gobernuak "zilegitasun demokratikoa" du
Ildo horretan, Sanchezek adierazi du Espainiako Gobernuak "neurriak hartzeko moduko zilegitasun demokratikoa" duela, eta legeak babesten duela, baina nabarmendu du "nahikoa doktrina eta araudia daudela jakiteko noiz ezarri ahal diren, eta noiz ez"; aldarrikatu du gizarte-zilegitasun hori 155. artikulua edo Segurtasun Nazionalaren Legea bezalako neurririk hartu aurretik. Hau da, apustua da ezartzea herritarrek barneratuta dutenean beharrezkoak direla.
"Neurritasunak animoak baretzen eta egoerak bideratzen laguntzen du; horixe egingo du Espainiako Gobernuak", berretsi du Sanchezek.
Katalunian greba orokorra dagoen egun honetan, Sanchezek azpimarratu du zer duten ikusgai sistema demokratikoaren sendotasuna zalantzan jartzen dutenek: alegia, Espainian manifestazio-eskubidea errespetatzen dutela, eta botere guztiek babestu behar dutela hori, baina "modu baketsuan erabili behar dela, gainerako herritarrengan eraginik sortu gabe".
Bestalde, Bruselan Europako liderrekin egun bat eta erdi eman ostean, ziurtatu du goi-bileran Kataluniari buruz izandako elkarrizketetan "gertaera bandalikoen gainean" galdetu diotela gainerako agintariek, "hori besterik ez"; halaber, berretsi du hauteman duela "interes mediatikoa" azken egunotako irudien harira, "hori besterik ez".
Halaber, goraipatu du Atzerri Ministerioak, enbaxadek eta diplomatikoek egindako lana; izan ere, zuzenbidezko Estatu sozial eta demokratikoaren aldeko mezu “argia” eman dute: "Oso pozik nago lan horrekin", erantsi du.
Galdetu diote ea hitz egin ote duen Belgikako Gobernuaren buru Charles Michelekin, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren aurkako euroaginduaren gainean; Sanchezek gogorarazi du Espainia eta Belgika demokrazia finkoak direla, eta, hortaz, lehen ministro bati ezin zaiola galdetu botereen banaketan eraginik duen konturik.
Gehitu du, nolanahi ere, Espainiako Gobernua "lanean" dabilela, "legaltasun demokratikoan oinarritutako erabakiak betetzeko, botere judizialaren aldetik, Espainian eta Espainiatik at".