Politika -
Nafarroa
Ganberak atzera bota du euskararen dekretua baliogabetzeko Navarra Sumaren legea
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdiek euren botoak batu dituzte Navarra Sumaren lege-proposamena ez izapidetzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak atzera bota du Navarra Sumak (NA+) euskararen dekretua baliogabetzeko aurkeztutako lege-proposamena. Navarra Suma bakarrik geratu da, eta Ganberako gainerako taldeek (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E) kontra bozkatu dute.
Navarra Sumak aurreko gobernuaren euskararen dekretua baliogabetzea zuen helburu, eta UPNren garaian zegoena berriro ezartzea.
Javier Esparza Navarra Sumaren bozeramaileak azaldu duenez, "aurreko gobernuaren hizkuntza politikak kezka eragin zuen Nafarroako gizartearen zati handi batean, eta hauteskundeetan ezezko garbia eman zitzaion nazionalisten politikari". "Nazionalistek euskararen dekretua baliogabetzearen kontra azaltzea logikoa iruditzen zait, baina ez dut ulertzen zergatik ez duen PSNk bere jarrera aldatzen", gaineratu du.
Navarra Sumaren estrategia kritikatu egin du Inma Juriok (PSN). Horren iritzian, Navarra Sumak "arrazoi politikoengatik eta gobernu hau higatzeagatik" aurkeztu zuen lege-proposamena. Beraz, guk ere eskubide bera dugu proposamen hori baztertzeko".
Javi Arakamaren ustez (Geroa Bai), NA+ koalizioak aurkeztutako legeak "administrazio publikoak euskararekiko dituen betebeharrak betetzea zailtzen du, eta 2003 eta 2009. urteetako dekretuak berrezarri nahi ditu".
Bakartxo Ruiz EH Bilduren bozeramailearen arabera, Navarra Suma osatzen duten alderdiak "iraganean daude. Euren hizkuntza politikak euskara atzerriko hizkuntza bat balitz moduan hartu dute, batez ere Nafarroako hegoaldean".
Ainhoa Aznarez Ahal Duguren eledunak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak hartu ditu ahotan. "Epaiak dio dekretuaren % 90 zuzenbidearen araberakoa dela", adierazi du. Bestalde, epaiak baliogabetutako artikuluei buruz esan du taldeen arteko "akordio zabal bat" behar dela langileei "segurtasun juridikoa" emango dien lege bat erdiesteko.
Marisa Simonek (Izquierda-Ezkerra) bere aldetik aitortu duenez, "proba batzuetan euskara bakarrik aintzat hartu da", eta azpimarratu du "legez kontrakoa" dela. "Horrek min handia egin dio dekretuari eta gizarteak horren inguruan duen iritziari, baina horrek ez du esan nahi dekretua txarto dagoenik", erantsi du.