Politika -
Katalunia
Hainbat errepide eta kale moztu dituzte goizean goizetik Kataluniako manifestariek
Atzoko istiluen ondorioz Bartzelona erdiguneko hainbat kale itxita daude, eta Renferen zerbitzuan atzerapenak daude protestengatik.
agentziak | erredakzioa
Manifestariek 10 errepidetik gora itxi dituzte goizean goizetik Katalunian, Auzitegi Gorenak 'proces'eko auzipetuen kontra eman zuen ebazpenagatik protesta egiteko.
Kataluniako errepide zerbitzuak jakinarazi duenez, Tarragonan AP-7a dago itxita, Bartzelonara bidean; Montroig del Campen bi zentzuetan; Freginalsen Valentziara bidean; Ulldeconan Bartzelonarantz; C-14a Alcoverren; eta AP-2a Barbera de la Concan.
C-17an ere mozketak daude Gurben (Bartzelona) Ripollera (Girona) bidean, eta Lleidan C-14an Pontsen, C53an Bellcaire d’Urgellen, C26an Castello de Farfanyan, eta C-12an Torrelameun, bi noranzkoetan.
Gainera, C26an, Algerrin (Lleida) txandaka ari dira ematen zirkulazioa manifestazioagatik, eta C-12ko zirkulazioa etenda dago Flixen (Tarragona), errepidea garbitzeko.
Gironan, C25a itxita dago bi noranzkoetan, Cassa de la Selvan.
Bartzelonako zortzi kale itxita
Bartzelona erdiguneko zortzi kale zirkulazioarentzat itxita daude atzo hirian izan ziren istiluengatik, polizien eta manifestazioen arteko liskarretan ibilgailuei eta kontainerrei su eman baitzieten.
Ronda de Sant Pere, Valencia, Conselle de Cent, Roger de Flor, Pau Claris eta Rambla dira itxita dauden kaleetako batzuk.
Atzerapenak Renfen
Renferen Aldirietako R1, R4 eta R3 zerbitzuetan 20 minutu inguruko atzerapenak daude manifestariek 07:25 aldera Sant Joan Despin (Bartzelona) bidea itxi ostean.