Politika -
Katalunia
Askatasunaren alde modu 'baketsuan' protesta egitea eskatu du Torrak
Kataluniako presidentearen hitzetan, epaiak erantzunerako garaia itxiko du eta beste epe bati hasiera emango dio, non "independentziaren helburuarekin ekimena hartuko duten".
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean, "askatasuna, demokrazia eta, guztiaren gainetik, herriaren duintasuna defendatzeko modu baketsuan" protesta egitea eskatu dio Quim Torra Generalitateko presidenteak Kataluniako gizarteari.
Terrasako (Bartzelona) kultur etxean ekitaldia egin du JxCatek. Artur Mas eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiek eta Laura Borras JxCaten Kongresuko bozeramaileak hitza hartu dute 700 bat pertsonaren aurrean.
Torraren ahotan, epaiak erantzunerako garaia itxiko du eta beste epe bati hasiera emango dio, non "independentziaren helburuarekin ekimena hartuko duten". Katalunia "herri bat da, eta kito", gaineratu du. Generalitateko buruzagiaren esanetan, Katalunia geldiezina izango litzateke defizit fiskalaren enbarazurik gabe.
Kataluniako herriarengan konfiantza osoa duela esan du Generalitateko buruak, eta ziur dago nazio libre eta independente bat eraikitzea dela herritarren gehiengoaren borondatea.