Politika -
A10 HAUTESKUNDEAK
Sanchezek buruan hauteskunde kanpaina besterik ez duela esan du Estebanek
Hispanitatearen eguna dela eta, EAJko diputatuak adierazi du Espainiako alderdiek egun osoan "Espainia" ahotan dutela baina gero "arazoak usteltzen uzten" dituztela, "baita elkarbizitza ere".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko hautagaiak gogor kritikatu du Pedro Sanchez funtziotan den Espainiako presidente eta hautagai sozialista, "gobernatu beharrean, hauteskundeetan bakarrik pentsatzen duelako" eta "gobernatu nahi izan arren, unea iristen denean egiten ez duelako".
Gainera, gaur, urriak 12, Hispanitatearen Eguna dela eta, Estatuko alderdien jarrera kritikatu du: "Egun osoan ahotan dute Espainia baina gero arazoak usteltzen uzten dituzte, baita elkarbizitza ere", esan du. "Espainia gero eta plastikozkoagoa da, itxurakeria hutsa, antzerkia", salatu eta gaineratu du ez daudela ospakizun handietarako.
Kongresu zein Senaturako EAJk Bizkaitik izango dituen hautagaien aurkezpenean, hauteskundeak errepikatu behar izatea Pedro Sanchezi leporatu dio Estebanek, "alderdiaren interesa lehenetsi duelako, interes orokorraren gainetik". "Beti berandu" ibiltzea ere egotzi dio, eta "kanpainako agenda izatea, baina Gobernukorik ez" .
Horren aurrean, "EAJko gizon-emakumeen lana eta zentzua" eskaini ditu Estebanek. "Sanchezek ez du Euskadi lehenesten", esan du, eta Euskadirako hobekuntzak eurek lortu dituztela erantsi du.
Adibide gisara jarri ditu Lemoizko zentral nuklearraren lurrak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi izana eta pentsioen igoera. Aldiz, AHT zein Estatutuaren hainbat eskumen geldituta daudela salatu du: "gai horiekin aurrera egin daiteke funtziotan egon arren, baina Sanchezek ez du Euskadirengan pentsatzen".