Politika -
PRESOAK
Larri gaixo dauden presoen eskubideen aldeko dinamika berria abiatu du Sarek
Datozen hiru hilabeteotan anbulantzia bat ibiliko da Euskal Herrian barrena, eta, gaixotasun larria duten presoei buruzko informazioa zabalduko dute herriz herri.
eitb.eus
"Gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubide-urratze egoera" salatzeko, mobilizazio kanpaina berri bat abiatu du Sare plataformak. Atzotik, eta hurrengo hiru hilabeteotan, anbulantzia batek Euskal Herria zeharkatuko du, presoen egoeraren berri emanez. Manifestazioak eta elkarretaratzeak ere antolatuko dira hainbat herritan, 'Larriki gaixo diren presoak etxera!' goiburupean.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa plataformako eledunek aurkeztu dute kanpaina berria, goizean Gasteizen egin duten agerraldian. "ETAk erakundea bera desegiteko erabakia hartu zuenetik hilabeteak eta hilabeteak pasatu ondoren, esan daiteke euskal presoak salbuespen-egoeran bizi direla, eta zigorra dela arau nagusia", nabarmendu dute.
Atxaren hitzetan, "preso askok dituzten gaixotasun larriak bateraezinak dira espetxearekin", eta "bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa eta mendekua izatea espetxe-legeriaren ordezkoa". Egungo espetxeetako sistemak preso asko "heriotzara" bideratzen dituela salatu du.
Aitzol Gogortza eta Ibon Iparragirreren kasuak ekarri dituzte gogora, legeak ematen dituen aukerak azaltzeko. Bi presook etxean jasotzen dute tratamendua, konfiantzazko medikuen zaintzapean. "Ez dugu ezer berezia eskatzen; ez gara eskatzen ari barruko legerian edo nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez", gaineratu dute.
Bestalde, osasun egoera larrian dauden presoei "urruntze politikaren bidez mendeku bikoitza" ezartzen zaiela esan du Atxak.
Osasunerako eskubidea pertsona guztiei dagokien eskubide unibertsala dela azpimarratu du Sarek, eta presoei "osasunerako eta bizitzarako eskubideak kentzea" legearen kontrakoa dela adierazi du. "Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea, barne legedia eta Europako araudia betetzea baino ez", esan du.
Datozen hilabeteotan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.