Politika -
Eusko Legebiltzarra
Jangeletako gainkostuen harira ezer ez egitea egotzi dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
Esleipena zuten enpresek prezioak adostu zituzten, ondorioz 70-80 milioi euroko gainkostua izan zen zerbitzuan, eta epaileak ebatzi zuen Jaurlaritzaren utzikeriak ahalbidetu zuela.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak ardura politikoa leporatu die 2003tik 2017ra izan ziren Hezkuntza sailburuei eskoletako jangeletako zerbitzuaren esleipena zuten enpresek prezioak adostu izanaren aurrean ezer ez egiteagatik. Enpresen arteko itun horrek 70-80 milioi euroko gainkostua suposatu zuen Administrazioarentzat.
Gasteizko Legebiltzarrak, oposizioko alderdien gehiengoarekin (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP), ikastetxe publikoetako jangeletako enpresen kontratazioan irregulartasunak izan ote ziren ikertu duen batzordearen azken txostena onartu du.
EAJk eta PSE-EEk (Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzako koalizioa osatzen dute eta Legebiltzarrean gutxiengoan daude), txostenaren aurka bozkatu dute ondorioekin bat egiten ez dutelako eta oposizioak helburu elektoralistak eta alderdikoiak dituela iritzita.
Oposizioak 2018ko hasieran sustatu zuen ikerketa batzordea, Lehiaren Euskal Agintaritzak merkatua banatzeagatik 7 enpresari 18 milioi euroko zigorrak jarri ostean. 2003tik 2015era prezioak adostea eta merkatua banatzea leporatzen zien. Tarte horretan EAko, PSE-EEko eta EAJk Hezkuntza sailburuak izan ziren.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak % 60 murriztu zuen isuna hainbat enpresaren helegiteen ostean, baina ituna bazegoela eta hori Jaurlaritzaren utzikeriagatik izan zela ebatzi zuen.
Onartutako txostenean Hezkuntza sailburuak jotzen dituzte arduradun politiko gisa, prezioak adosten ari ziren zantzuen aurrean ezer ez zutelako egin, eta Administrazioak pairatu zuen ondare galerari irtenbiderik ez emateagatik.
2013tik aurrera jangelen kudeatzaile guztiek ere ardurak izan zituztela ere ondorioztatu dute, ordurako bazeudelako salaketa publikoak, baina Jaurlaritzak "jaramonik ez" zuelako egin.
Seinalatu dituzten sailburu ohiak hauek dira: Anjeles Iztueta, Tontxu Campos (EA) Isabel Celaa (PSE-EE) eta Cristina Uriarte (PNV).