Politika -
Memoria historikoa
Franco hobitik ateratzeko azken oztopoa kendu du Gorenak
Hala, Espainiako Gobernuak desobiratzea gauzatzeko aukera du jada. Auzitegiak Gobernuaren dekretuaren gaineko kautelazko galarazpena indargabetu du.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haraneko hobitik ateratzeko Espainiako Gobernuaren erabakiari abala eman dion Auzitegi Gorenaren aretoak Gobernuaren dekretuaren gainean zegoen kautelazko galarazpena indargabetu du ostegun honetan, Europa Pressi iturri juridikoek adierazi diotenez. Hain zuzen ere, hiru helegite zeuden tartean: Franco Fundazioarena, Erorien Haranaren Defentsarako Elkartearena eta bertako monje beneditarren komunitateak aurkeztutakoa.
Espediente judiziala jada guztiz konponduta dagoenez, Ministroen Kontseilura bidaliko dute. Gobernuak, hortaz, aukera du bere erabakia gauzatu eta diktadorearen gorpuzkiak Haranetik ateratzeko.
Epaileek gogorarazi dute Konstituzioaren 118. artikuluak herritar guztiak epai irmoak betetzera behartzen dituela. Abadiako prioreagatik egin dute aipamen hori, izan ere, esan du ez duela baimenduko hobitik ateratzea.
Familiaren helegitea atzera botatzen duen epaia, "titulu legitimoa"
Epaileek azaldu dutenez, Francoren familiaren helegitea atzera botatzeko irailaren 30ean emandako epaia titulu legitimoa da, berez, Ministroen Kontseiluak aurtengo otsaileko eta martxoko akordioetan aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, eta, hortaz, basilikara sartu eta desobiratzea egiteko.
Hiru auto eman ditu, arestian aipatutako erakundeen helegiteen hari bakoitzeko bana, eta aretoak argudiatzen du neurria indargabetu behar egin dela Francoren familiaren helegitearen ebazpenaren ostean; izan ere, indargabetzeko kautelazko neurria ezarri zeneko testuingurua aldatu egin du epai horrek. Kautelazko neurriak eragina izan zuen Espainiako Gobernuak hasiera batean aurreikusi zuen lehen datan, ekainaren 10ean, hain zuzen ere.
Puntu horretan, Gorenak berresten du, epaian egin bezala, "lehian zeuden interesei erreparatuta, interes orokorren alde" egin behar dela.
Argudioetan, beneditarrek Estatuari euren eskaera "mespretxatu eta gutxietsi izana" leporatzen zioten; halaber, defendatzen zuten hobitik ateratzeari abala eman zion epaian ez zegoela inolako erabakirik abadiak arrazoitutako oinarrizko eskubideen urratzearen gainean.
Horren harira, aretoak, autoetako batean (erlijio-komunitateari dagokion autoan, hain zuzen ere), zehazten du haren iritziz ez dela egokia une honetan aztertzen hastea alde bataren eta bestearen alegazioetan egon litezkeen desberdintasunak (komunitate beneditarraren helegitearen gainean laster ebatziko dute); halaber, uste du Auzitegi Konstituzionalak bere garaian onar lezakeen edozein erabakik ez duela zalantzan jarriko emandako epaia, beneditarrek helegitea aurkeztuta ere.
Helegitea jarri zuen partikularra ezin izango da auzian agertu
Bestalde, Gorenak ostegun honetan beste ebazpen bat eman du, bosgarrena. Epaile baten erabakia da, eta bertan helegitea aurkeztu zuen partikular bati auzian azaltzeko ezezkoa ematen zaio. Partikular horrek gorpuzkiak ateratzeko lanei abala ematen zien, San Lorenzo de El Escorialeko Udalaren txostenaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Madrilgo auzi-epaitegi batean.
Jose Yustik, Auzi Administratiboaren Madrilgo 3. Epaitegiko epaileak, kautelazko galarazpena ezarri zuen lan-lizentziaren gainean, partikularraren idazkia onartu izateagatik.
Epaileek atzera bota dute eskaera hori; izan ere, pertsona hori ez da prozedura honek "kaltetua" edo bertan "interesatua". Partikular horren asmoa zen Erorien Haranaren Defentsaren Elkartearen helegitean azaltzea.
Halaber, epaiak gogora ekartzen du areto hori dela eskumena duen organo jurisdikzional bakarra epaitzeko "Ministroen Kontseiluaren ekintzen eta xedapenen legezkotasuna, bai eta horiek gauzatzean gerta litezkeen gertakizunak ere".
Hobitik ateratzeak ez zuen udal-baimenik behar, lan txikia izateagatik, eta, gainera, Ministroen Kontseiluaren akordioa delako. Gorenaren Hirugarren Aretoak emana zuen horren gaineko epai irmoa.