Politika -
Adierazpenak
'Hain zaila al da esatea hiltzea gaizki egon zela?', galdetu dio Urkulluk EH Bilduri
"Ez dakit atzerako pausorik den, baina aurrerapausoa ez da", nabarmendu du lehendakariak, ETAko kideentzako omenaldien gainean EH Bilduk Legebiltzarrean emandako botoaz.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi du euskal alderdi guztiek, salbuespenik gabe, iraganerako eta ETAren terrorismorako "begirada kritikoa" onartu behar dute; hortaz, esker abertzaleari zuzendu zaio, galdetzeko: "Hain zaila al da esatea hiltzea gaizki egon zela?".
Asteazkenean egin ditu adierazpen hauek Urkulluk, kazetarien aurrean, Ajuria Enean, Japoniako Fukushimako Prefekturako Gobernuarekin energia berriztagarrien gaineko memorandum bat sinatuta.
Legebiltzarreko ekimenetan, EH Bildu abstenitu egin izan da ETAko presoen omenaldi publikoen gaineko bozketetan; aurreko astean, baina, kontrako botoa eman zuen. "Ez dakit atzerako pausorik den, baina aurrerapausoa ez da", nabarmendu du Urkulluk.
"Abstentziotik hastapen eta konpromiso etiko eta ez alderdikoi oinarritutako aldeko boto batera igaro beharrean, kontrako boto batera igaro dira", adierazi du Urkulluk; lehendakariak zehaztu duenez, egunotan EH Bilduren eta Sorturen bozeramaile batzuk ere ari direla galdegiten memoriaren gaineko "kontaketa bereizia".
"Zoru etikoko gutxieneko oinarriak"
Ildo horretan, berretsi du beharrezkoa dela alderdi guztiek, salbuespenik gabe, partekatzea "zoru etikoko gutxieneko oinarri batzuk, onartzeko hiltzea gaizki egon zela. Horren zaila al da esatea hiltzea gaizki egon zela? Horixe guztiok esan ahal izateko puntu batera iristea beharrezkoa da", eskatu du lehendakariak.
Urkulluk salatu duela ulergaitza dela prozesu judizial batzuetako hainbat auzipetuk Fiskaltzarekin akordioak egin ahal izatea, eta banda armatuko kideak izan direla onartzea, eta hori bera ETAko presoek ez izatea egiterik. "Ez gara mintzatzen ari barkamenaz edo damuaren gainean; bakarrik iraganerako begirada kritiko batez, esateko hiltzea gaizki egon zela", amaitu du.