Politika -
Altsasuko auziaren epaia
Hauek dira Altsasuko gazteentzako zigorrak, Gorenaren epaiaren ostean
Asteazken honetan jakinarazitako epaiak Auzitegi Nazionalak hasieran ezarritako zigorrak murriztu ditu, aurkeztutako helegiteak partzialki aintzat hartuta.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 9an, asteazken honetan, jakinarazi dutenez, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak murriztu dizkie, horiek aurkeztutako helegiteak partzialki aintzat hartuta, baina kartzelan jarraituko dute. Ondorengo hauek dira zigorrak, epaiaren ostean:
Oihan Arnanzi bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita; baita nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (bi urte delitu bakoitzeko) eta desordena publikoen (urte bat) delitu bat egotzita ere. Auzitegi Nazionaleko Apelazio Salak 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion.
Jokin Unamuno Goikoetxeari eta Adur Ramirez de Aldari zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (bi urte delitu bakoitzeko) ere leporatu dizkie. Auzitegi Nazionalak 12 urteko kartzela zigorra ezarri zien.
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (urtebete eta zortzi hilabete delitu bakoitzeko) ere leporatu dizkie. Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko zigorra ezarri zien.
Aratz Urrizolari lau urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta sei hilabete) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako lesio-delitu bat (urtebete eta zortzi hilabete) ere leporatu dio. Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko zigorra eskatu zuen harentzat.
Iñaki Abadi hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdi) delituak egotzita, eta desordena publikoen (urtebete) delitu bat.
Ainara Urkijori urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio desordena publikoak (urtebete) eta mehatxuak (6 hilabete) delituak leporatuta. Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion.