Politika -
FRANCO hobitik ateratzeko
Epaia 'argi eta garbi' dagoela erantzun die Gorenak Francoren senideei
Erorien Haraneko priorearen esanetan, bere alegazioei erantzun arte inor ez da sartuko basilikan gorpuzkiak hobitik ateratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak ez duela ezer argitu behar esan dio asteazken honetan Francoren familiari, eta Espainiako Gobernuak diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko baimena duela, baina aurretik hiru helegite tartean daudela gogoratu du. Hala ere, "epaia argi eta garbi dago", esan du.
Administrazioarekiko Auzien Salako 4. Atalak Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko baimena eman zuen, eta diktadorearen ilobek epaia argitzeko eskatu zioten Auzitegi Gorenari. Izan ere, gorpuzkiak beneditarren "baimenik gabe" hobitik ateratzeko baimen judiziala nahikoa ote zen jakin nahi zuen Francoren familiak.
Gaur, 4. Salak zalantzak argitu ditu: "Epaia argi dago eta azalpenak emateko beharrik ez dago".
Santiago Cantera Erorien Haraneko priorearen jarrera ezagutu ostean eman du erantzuna Gorenak; izan ere, horren hitzetan, 4. Salak bere alegazioei erantzun arte inor ez dela sartuko basilikan gorpuzkiak hobitik ateratzeko.
Ildo horretan, priorearen esanetan, "Gorenak ez ditu alegazioak argitzen", eta, ohartarazi duenez, "Elizaren baimenik gabe toki sakratuan sartzeak askatasun erlijiosoa urratuko luke".
Solesmeseko (Frantzia) kongregazio beneditarrak, Erorien Haraneko abadiaren jabeak, Efe albiste-agentziari adierazi dio, Vatikanoak egin duen moduan, ez duela "legearen aurka" egingo Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeari dagokionez, baina Espainiako Gobernuari helegite guztien erantzuna jaso arte itxaroteko eskatu dio.
Hala ere, Gorenak bihar bertan argituko du auzia, ekainean Espainiako Gobernuaren erabakiaren aurrean Auzitegiak berak ezarritako kautelazko etenaren inguruan erabakiko baitu eta ebatzi gabe dauden helegiteen inguruan erabaki ahal izango dute.
Erorien Haraneko beneditarren, Franko Fundazioaren eta Erorien Haraneko Defentsarako Elkartearenak dira ebatzi gabe gelditu diren helegiteak.