Politika -

Akordioa

EAEk eta Iparraldeak lankidetza instituzionala indartu dute 'brexit'ari aurre egiteko

"Beharrezkoa da indarrak batzea Europar Batasuneko eremu periferiko gisa geratzeko arriskua gainditzeko", azpimarratu du lehendakariak.

Erronka komunei lankidetzatik erantzutea da akordioaren helburua. Argazkia: Irekia
Lehendakaria eta Jean Rene Etchegaray Ajuria Enean gaur
Lankidetzarako lehen akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk eta Iparraldeko Hirigune Elkargoak lankidetza instituzionalerako akordioa sinatu dute astelehen honetan, harreman bilateralak irmotzeko eta brexitari aurre egiteko.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Iparraldeko Hirigune Elkargoaren presidente eta Baionako alkate Jean-René Etchegarayk etorkizuneko lankidetzarako oinarri komun bat finkatzeko memoranduma sinatu dute. Bi komunitateak historian zehar elkartu dituen lotura estutzea eta etorkizuneko lankidetzarako oinarriak finkatzea da akordioaren helburua.

Lehendakariak lankidetzarako bide horrek duen garrantzia nabarmendu du, lagundu egiten baitu eraginkortasunez aurre egiten Europar Batasuneko esparruko erronka globalei, erronka sozial, ekonomiko, instituzional eta politikoei.

"Erronka komunei lankidetzatik erantzutea da gure akordioaren helburua. Gure harreman instituzionalak indartzea, elkarren interesekoak diren baterako proiektuen bitartez. Mugaz haraindiko hurbileko lankidetzaren alde apustu egitea", adierazi du.

Bestalde, lehendakariak ziurtatu duenez, Iparraldeko Hirigune Elkargoarekiko harreman-fase berri horrek lagundu egingo du lan partekatua instituzionalizatzen. Zehazki, azpimarratu duenez, lankidetzak aukera emango du aurrerapauso bat gehiago emateko, loturak estutzeko, eta trukeak eta harremanak indartzeko eragile ekonomiko, sozial, akademiko eta kulturalen artean.

"Aukera emango digu lankidetzan eta jardun egokien trukean aurrera egiteko", gaineratu du.

 "Aukera emango digu lankidetzan eta jardun egokien trukean aurrera egiteko", gaineratu du.

Gainera, garrantzi berezia eman dio lehendakariak akordioaren uneari, Europako Ardatz Atlantikoa kohesionatzen eta indartzen lagunduko duelako laster iristekoa den brexit baten aurrean, zeinak ahuldu egin baitezake denen interesekoa den espazioa. "Beharrezkoa da indarrak batzea Europar Batasuneko eremu periferiko gisa geratzeko arriskua gainditzeko", azpimarratu du.

Memorandumak ezartzen duenez, Euskadik eta Iparraldek lankidetzarako aukera berriak aztertuko dituzte eta baterako proiektuak bultzatuko dituzte eremu hauetan: mugaz haraindiko mugikortasuna; goi-mailako irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa; ekonomiaren garapena eta turismoa; nekazaritza; lurraldearen garapen iraunkorra; ingurumena eta biodibertsitatea; eta kultura eta euskara.

Gainera, lankidetza indartuko da mugaz haraindiko ekitaldi esanguratsuak antolatzeko, mugaren bi aldeetako herritarren arteko bizikidetza sustatzearren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Jean-René Etchegaray azken ordukoa