Politika -
A10
'Inboluzioari' aurre egiteko Gorteetan 'talde indartsuagoa' nahi du EH Bilduk
Oskar Matuteren ahotan, "laugarren hauteskunde deialdia da azken lau urteetan, Espainiako Estatua krisi politikoan murgilduta dagoela argi uzten du horrek".
Agentziak | Erredakzioa
Datozen hauteskundeetan Gorte Orokorretan "talde handiagoa eta indartsuagoa" ematea eskatu die Oskar Matute EH Bilduren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak euskal herritarrei, etortzear dagoen lurralde "inboluzioaren" aurrean Euskal Herriaren eta "jendartearen" interesak defendatzeko.
Hautagaitzen aurkezpena egin du koalizioak Bilbon. Horrela, apirilaren 28ko deialdian aurkeztutako hautagai berdinek errepikatuko dute azaroaren 10ean.
Horrela, Kongresurako zerrendaburuak Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu izango dira Gipuzkoan; Oskar Matute eta Idurre Bideguren Bizkaian; Iñaki Ruiz de Pinedo Araban eta Bel Pozueta Nafarroan.
Senatuari dagokionez, Gorka Elejabarrieta (Gipuzkoa); Arantza Gutierrez (Bizkaia); Garazi Dorronsoro (Araba), eta Oihan Mendo (Nafarroa) izango dira zerrendaburuak.
Euskal herritarrak "Kongresuan eta Senatuan nork ordezkatuko gaituen erabakitzeko hautestontzietara berriz deitzea" kritikatu du Matutek, "akordio batera heltzea posible zutenek ez zutelako lortu, arduragabekeria izugarria erakutsiz eta jendearen interesak eta kezkak bazterrean utziz, alderdien interesei eta kalkuluei lehentasuna emanez".
Hautagaiaren hitzetan, "laugarren hauteskunde deialdia da azken lau urteetan, Espainiako Estatua krisi politikoan murgilduta dagoela argi uzten du horrek".
"Sekula ez konpondutako lurralde arazoak sortutako krisi horren irtenbidea zein izango den erabaki dute Estatuko alderdi handiek eta botere faktikoek dagoeneko: inboluzioa, errepresioa eta nazio eskubideen murrizketa", ziurtatu du.
Matuteren ahotan, lurralde "inboluzioaren" froga da Estatuak "azken hilabeteetan Kataluniako herriari emandako erantzuna: kriminalizazioa, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko mehatxuak edo Segurtasun Nazionaleko Legea aktibatzea, muntaia juridiko-politikoak eta polizialak eta atxiloketak".
"Ordezkari politiko independentisten aurkako epaia gogorra eta eredugarria izango dela inork ez du zalantzarik jadanik", esan du Matutek. "Euskal gizarteari edo Kataluniari eskaintzeko ezer gutxi duen Espainiako Estatutik ezin dugu ezer espero", ohartarazi du.
"Estaturik gabeko nazioentzako eta jendartearentzako konponbiderik ez dago, eta ez da espero" Espainiako alderdi handien programetan, datozen hauteskundeetan, aurpegiratu dienez.