Politika -
A10
Esteban: 'A10aren osteko balizko akordio batzuek euskal agendari eragingo liokete'
Jeltzaleek Diputatuen Kongresuan duten bozeramailearen iritziz, agenda hori betetzen dela ziurtatzeko, "beharrezkoa da EAJ tartean sartuta egotea".
Agentziak | Erredakzioa
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek igande honetan ohartarazi duenez, PSOEk Ciudadanosekin edo PPrekin akordioa egiteak "euskal agendari kalte egingo lioke"; Estebanen iritziz, agenda hori ziurtatzeko modua da "EAJ tartean sartuta egotea".
"PSOEk zerbait adosten badu Ciudadanosekin, inork uste al du Euskadiko agenda tartean izango dela, ez bada hari kalte egiteko? PSOEk zerbait adosten badu Casadoren eta Cayetanaren PPrekin, inork uste al du Euskadiko agenda tartean izango dela, ez bada hari kalte egiteko?", galdetu du, eta erantzun du EAJk bertan izan behar duela: "Bestela, ez da euskal agendarik egongo".
Estebanek Bilboko Deustu auzoan egin ditu adierazpen horiek, eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen azken adierazpenei ere eman die erantzuna (Sanchezek konpromisoa hartu du Gernikako Estatutua hurrengo legealdian betetzeko, kontuan izan gabe EAJren babesik behar duen ala ez).
"EAJ ez badago tartean, Euskadi eta Euskadiren interesak ez dira egongo Madrileko eztabaidan, ezta Espainiako Gobernuak egingo dituen gauzetan ere; hala erakutsi izan dute behin eta berriz".
Ildo horretan, leporatu dio Sanchezi ez dituela bete Euskadirekin zituen azpiegitura-konpromisoak, ez eta transferitu gabe dauden eskumenen gainekoak ere; aitzakia da, Estebanen esanetan, Gobernua jardunean dagoela, "lan arruntak badira ere".
Riveraren proposamena
Ciudadanoseko presidente Albert Riverak azken orduan egindako proposamenaz ere mintzatu da Aitor Esteban (Gobernu bat osatzeko akordio nazional handi baten alde egin zuen, egoera desblokeatzeko): "Uste dut espero modukoa zela, erabat. Riverak beti izaten ditu kontuan inkestak, eta ziur nago ondorioak atera dituela. Egun batean dio zerbait, biharamunean beste zerbait; baina ez da hori egiten duen bakarra: gogoratu, Casadok 'traidore' deitu zion Sanchezi, eta beste hainbat gauza ere deitu izan diote elkarri politikariek; hori, kanpainetan egiten dituzten adierazpenetan sakondu gabe", zehaztu du.
Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailearen ustez, "hauteskundeetan aurreztuko dutela esateak erakusten du lotsagabeak direla; aurrezteko modurik onena izango zen Gobernua adostea", hauteskundeak berriro egin behar ez izateko.
Sanchezek, bitartean, esan du Estatutua beteko duela, kontuan izan gabe EAJren babesik behar duen ala ez. "Berandu doa", nabarmendu du Estebanek: "Konpromisoa hartu zuen, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatutako egutegi batekin, eta hori ez da betetzen ari".