Politika -

Giza katea

Sarek Iruñeko bi zubi lotu ditu espetxe politika aldatzea eskatzeko

"Preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat behar dugu, desiratzen dugun bizikidetza pertsona guztien eskubideen errespetuan eta konponbide integral batean oinarriturik egon dadin", azaldu du Sarek.

Sare mugimenduaren ekitaldia Iruñean. Argazkia: Sare
Sare mugimenduaren ekitaldia Iruñean. Argazkia: Sare
Sare mugimenduaren ekitaldia Iruñean. Argazkia: Sare

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratzeko, bi zubi lotu dituen giza katea osatu dute. Sarek deituta, Santa Engrazi eta Oblatuen zubiak inguratu eta  "preso eta iheslaririk gabeko gizartea" aldarrikatu dute.

Elkarbizitzarako, konponbidean "ausardia" aldarrikatu dute, eta "giltza" herritarren esku dagoela diote. Espainiako Estatuari "immobilismoarekin" amaitzeko eskatu diote.

"Presoen korapiloa askatzeko eta konponbidean urratsak emateko gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duena ikus arazteko ekimen berri bat izan da gaurkoa", azpimarratu dute.

"Preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat behar dugu, desiratzen dugun bizikidetza pertsona guztien eskubideen errespetuan eta konponbide integral batean oinarriturik egon dadin. Urte luzeetako zauriak ixten joan daitezen", gaineratu dute.

"Badakigu, urteetan zehar pilatutako sufrimenduak atzean utzi beharreko inertzia asko barnebiltzen dituela. Baina egoera aldatzea nahi badugu ausardiaz jokatu behar dugu pausoak ematerako orduan. Eta guztioi dagokigu ausardiaz jokatzea, inplikatutako parte guztiek ausardia eta borondatea erakutsi behar dute", nabarmendu dutenez.

"Badakigu, urteetan zehar pilatutako sufrimenduak atzean utzi beharreko inertzia asko barnebiltzen dituela"

Sareren hitzetan, "konponbide integral baten bidean jendartea batu eta elkarlanean jarduteko gai izan behar gara. Urte luzeetako konfrontazioak eragin  duen eta eragiten jarraitzen duen samin eta sufrimenduaz kontziente izanik. Etorkizun batean hau errepika ez dadin nahi badugu, honi guztiari irtenbide bat eman beharrean gaude".

Mugimenduaren esanetan, "aktibazio soziala bidea dela berresten dugu. Jendartearen presioa Espainiako Estatuaren immobilismoarekin amaitu dezakeelakoan gaude".

Azkenik, "borondatea da behar den gauza bakarra. Sufrimendu eta gatazka garaiak atzean utzi eta etorkizun berri bat eraikitzeko borondatea. Zauriak itxi eta sufrimendu guztiekin amaitzen badugu denak aterako baikara garaile", adierazi dute. "Auzolan erraldoi horretan parte hartzea dagokigu guztioi, zubiak eraikiz konponbidearen, elkarbizitzaren eta preso zein iheslaririk gabeko Euskal Herri baten alde", azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak