Politika -
ZUZENDARITZA BERRIA
Iraitz Lazkano aukeratu dute UEMAko lehendakari
Elgetako EH Bilduko alkateak kargua hartu berritan esan duenez, 'jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek'.
EITB.EUS
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak datozen lau urteotarako zuzendaritza berria aukeratu du gaur, Getarian egin duen batzar nagusian. Iraitz Lazkano Elgetako alkateak hartuko du Josu Labakaren lekukoa, lehendakari karguan, eta Aritz Abaroa Bermeoko alkate jeltzalea izango da lehendakariorde. Zuzendaritza batzordea osatuko duten beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean bildu diren hautetsiek.
Aurreko zuzendaritzaren lana txalotu ondoren, kargua ilusioz eta arduraz hartu duela adierazi du Lazkanok, "UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua" delako. "Jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira", esan du.
UEMAN ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok. Ildo horretan, alderdien eta erakundeen arteko "elkarlana ezinbestekoak" direla azpimarratu du, herrigintzan eta euskalgintzan aurrera egin nahi bada.
Herri txikiak erdigunean jarriko dituela ere hitz eman du Elgetako alkateak. "Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko", esan du.
Egun, 86 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 245.000 biztanle biltzen dituzte.