Politika -
Kartzela politika
Lozak atzera egin, eta ukatu egin du '2. Langraiz bidea' irekitzeko asmoa
Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak ordu batzuk lehenago esan du '2. Langraiz bidea' irekitzea ari dela aztertzen hauteskunde ondorenerako.
agentziak | erredakzioa
Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak atzera egin, eta ukatu egin du Espainiako Gobernua '2. Langraiz bidea' irekitzea ari dela aztertzen.
Lozak ohar bat zabaldu du SER irrati katean egin dituen adierazpenak gezurtatzeko, eta argi uzteko Gobernuaren ordezkariak ezin duela Langraiz biderik martxan jarri.
"Ez da nire asmoa izan, eta atzera egin nahi dut argi eta garbi. Kartzela politika Barne Ministerioak gidatzen du, oso ongi, gainera, eta Espainiako legediaren pean egongo da beti", azaldu du.
'Langraiz bideak' Arabako espetxeari zor dio izena. Zapateroren Gobernuaren garaian ETAtik bereizi ziren presoak bertara eraman zituzten, krimenengatik barkamena eskatu eta biktimekiko ardura zibila ordaintzeko konpromisoa hartu ostean. Rajoyren Gobernuak, berriz, bertan behera utzi zuen egitasmoa.
Lozak SER irrati katean egindako elkarrizketan azaldu duenez, Espainiako Gobernua aztertzen ari da "'2. Langraiz bidea' edo 'Zaballa bidea' (bertan dago Langraizko espetxea) irekitzeko aukera preso horiek gizarteratzeko". Are gehiago, esan du "berehala martxan jartzeko" ari zirela lanean.