Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Gorena, Franco hobitik ateratzeko erabakiaz: 'Ez da obra-lizentziarik behar'

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien 4. Salako epaileen arabera, "obra handi bat ez den heinean, ez du hirigintza-legerik hausten".

Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE
Erorien Harana
Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko oztopo nagusia argitu eta lauza kentzeko obra-lizentziarik behar ez dela esan du, "Espainiako Gobernuak hala adostu baitu". Madrilgo epaile batek lanak gelditzeko emandako erabakiaren aurkakoa da Gorenaren ebazpena.

Franco Erorien Haranetik ateratzeko Gorenak joan den asteartean baimena eman ostean, ebazpen osoaren berri eman du astelehen honetan. Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta El Pardo-Mingorrubio hilerrian hobiratzeko Espainiako Gobernuaren erabakia zuzenbidezkoa dela erabaki zuen aho batez Auzitegi Gorenak. Diktadorearen familiak, ordea, Almudenako Katedralaren kriptan hobiratu nahi du.

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien 4. Salako epaileen arabera, "obra handi bat ez den heinean, ez du hirigintza-legerik hausten". Halaber, ez ditu San Lorenzo de El Escorialeko udaleko lege subsidiarioak hausten, Udal hori lauza altxatzearen alde agertu baitzen. Hala ere, lauza kentzeko lanak geldi daude, Jose Yusty Madrilgo epaileak erabakita.

Epaileek horixe adierazi dute Jose Yusty Basterreche Madrilgo Hirugarren Administrazio auzitegiko epailearen erabakiaren aurrean. Hori izan zen, hain zuzen ere, Cuelgamuroseko harlauza altxatzeko obra baimena bertan behera utzi zuena, eta horrekin desobiratzerako oztopo handiena jarri zuena.

Gorenak ezin dio epaileari esan nola jokatu prozedura horretan, baina teknikoki ebatzi du obrak ez duela "udal baimenik behar, Ministroen Kontseiluak adostu baitzuen". Horregatik, Yustyk zuzentzen duen auziak ez du eraginik desobiratze prozesuan.

Azken horren kasuan, Gorenak atzera bota ditu senideen adierazitako kontrako argudio guztiak: Gobernuaren akordioaren inkonstituzionaltasuna, desobiratzea legez kanpokoa dela, eta El Pardo aukeratzeko arbitrariotasuna.

Gorenak, beraz, ez du Gobernuak onartutako lege dekretuaren konstituzionaltasuna zalantzan jarri, are gutxiago Kongresuan bi kontrako boto besterik ez zuela jaso, eta berme auzitegian helegiterik ez zutela jarri kontuan izanda.

Gobernuak Francoren gorpuzkiari ematen dion arreta berezia ere ez du diskriminaziotzat hartzen, desobiratzeak Memoria Historikoaren Legearen helburua jarraitzen duelako, eta diktadore figuraren "berezitasunagatik".

"Hildakoaren izaera publikoak, politikoak bereziki, eta hobiratzeko ezaugarriak erabakigarriak dira" desobiratzeari argi berdea emateko, epaileen arabera.

Almudena Katedrala

Diktadorearen gorpuzkiak El Pardo-Mingorrubioko hilerrian hobiratzearen harira, Gorenak uste du justifikatuta dagoela Sanchezen Gobernuak Almudena Katedralean sartu nahi ez izatea, Francisco Francoren "esanahiagatik" batik bat.

Gainera, epaileek gogorarazi dute bilobei beste leku bat hautatzeko eman zien 15 eguneko epea igarotakoan aukeratu zutela El Pardo, eta azpimarratu sendiak non hobiratu erabakitzeko eskubidea ez dela mugagabea.

"Gerra Zibiletik eratorritako estatuaren burua"

Bestalde, Auzitegi Gorenak "Gerra Zibiletik eratorritako estatuaren buru" deitu dio diktadoreari ebazpenean, duela hilabete batzuk "1936ko urriaren 1etik hil arte Estatuaren buru" deitu eta hautsak harrotu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena argazkiak Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa