Politika -

Hitzaldia

Euskadirentzako transferentziak geldituta daudela salatu du Urkulluk

Forum Europa-Tribuna Euskadin emandako hitzaldi batean, lehendakariak, gainera, ziurtatu du euskal gizartean ez dagoela lekurik "iraganera eta indarkeriara bueltatzeko".

Iñigo Urkulluk salatu duenez, transferentzien egutegia "geldituta" dago. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkulluk salatu duenez, transferentzien egutegia "geldituta" dago. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu: 'Solaskide fidagarria behar dugu premiaz'

0:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Transferentzien egutegia "geldituta" dagoela salatu du Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan, eta, horrez gain, gaitzetsi du Estatuak "estrategia bateragarria" duela berezko eskuduntza batzuetarako; adibidez, segurtasunerako, osasunerako, funtzio publikorako edo hezkuntzarako. Halaber, Urkulluk ziurtatu du euskal gizartean ez dagoela lekurik "iraganera eta indarkeriara bueltatzeko".

Forum Europa-Tribuna Euskadiren gosari batean, Bilbon, Urkulluk esan du autogobernua onartzeak dakarrela galdegitea hori "osorik" betetzea, eta "sakontzearen eta modernizatzearen aldeko apustua" egitea. Hortaz, defendatzea eskatu du; izan ere, Estatuak baditu "Euskadiren jarduera-gaitasuna murrizten duten bateragarriak diren ekimenak".

Autogobernuaren alde egin ondoren, Urkulluk berretsi du Euskadik eskuduntza berriak bereganatu behar dituela, herritarren ongizatea hobetzeko asmoz. Horrela, deia egin du Euskadiko "erakunde-eraikuntza" berrindartzeko, eta aldebiko itunaren jatorrizko izaera bermatzeko.

Lehendakariak esan du espero duela Euskadin akordio "ahalik eta zabalena" erdiestea autogobernuaren erreformaren gainean. "Kontzertu politiko" baten aldeko apustua egin du; ekonomikoaren antzekoa izango litzateke, eta aldebikotasuna izango luke oinarri, Euskadiren eta Estatuaren arteko bermeekin. Eredua izango litzateke "elkarren arteko dependentzia eta partekatutako subiranotasunak nagusi dituen mundu batean".

"Ez dago tokirik terrorismo eta indarkeriara bueltatzeko"

Lehendakariak, halaber, azpimarratu du euskal gizartean ez dagoela tokirik iraganera bueltatzeko, eta berretsi du beharrezkoa dela onartzea eragindako injustizia.

Urkulluk esan du Eusko Jaurlaritzaren memoria- eta elkarbizitza-politikak zehaztuta daudela, baita biktimenak ere. Horien artean, azaldu duenez, giza eskubideekin eta aniztasunarekin konpromiso argia dago, eragindako injustiziaren onarpenaz gain.

Egoera politikoari dagokionez, Urkulluk esan du "amaitu" beharko litzatekeela 2015ean Espainian abiatu zen ezegonkortasun politikoaren zikloarekin; izan ere, horrek txarto eragiten dio Euskadiri. Estatuko politikariei eskatu die barneratzea gizarte plural batean "beharrezkoa dela amore ematea, eta partekatutako Gobernuak osatzea".

"Solaskide fidagarria behar dugu, premiaz, Estatuko erakundeetan. Elkarruzketan aritu, negoziatu eta konpromisoak hartzeko benetako gaitasuna duten solaskideak behar ditugu".

Kataluniako egoera

Hitzaldiaren beste tarte batean, lehendakariak kezka agertu du Kataluniako egoeragatik, eta esan dio Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari 155. artikulua ezartzeko "mehatxuak" ez duela inora eramaten. "Espero dut ez erabiltzea orain, ezta inoiz ere", zehaztu du, eta goraipatu du bide baketsu eta demokratikoen alde Kataluniako erakundeek egindako aldarrikapena, "giza elkarbizitzaren ordena hausteko edozein ahaleginen aurrean".

Urkulluk azpimarratu du nahiago duela bere egitea Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramailearen adierazpenak; izan ere, azken Ministroen Kontseilua eginda, zehaztu zuen une honetan ez daudela beharrezko baldintzak Konstituzioaren artikulu hori ezartzeko.

"Errealismoa, baina itxaropena ere", Euskadiko egoera ekonomikoaz

Lehendakariak "errealismoko mezu bat" zabaldu nahi izan du Euskadiko egoera ekonomiaren gainean, baina mezu horri "itxaropen-puntu" bat ere eman nahi izan dio. Hain zuzen ere, azaldu du Euskadin ez dagoela atzeraldirik, baizik eta "hoztea edo dezelerazioa". 2019rako, Barne Produktu Gordinaren hazkundea % 2,3koa izango delako aurreikuspenari eutsi dio, nahiz eta % 2,2koa ere izan litekeen, eta datorren urterako % 2 haztea espero da.

Bestalde, Urkulluk deitoratu du Bizkaiko Metalgintzako sindikatuek "ez izatea akordiorako borondaterik"; astelehen honetan astebeteko grebari ekin diote, sektore-hitzarmena eskatzeko. Urkulluk esan du ziur dagoela enpresariek euren esku dagoen guztia egin dutela hori saihesteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu biografia Eguneko albisteak Albisteak