Politika -
Hauteskunde orokorrak
UPYD A10ean aurkeztuko da, eta gainerako alderdiekin balizko akordioak aztertuko ditu
Cristiano Brown bozeramaile nazionalaren iritziz, erabakia "funtsezkoa" da alderdiaren ideiek eztabaida politikoan jarraitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan aurkeztu eta gainerako alderdiekin balizko akordioak aztertzea onartu du UPYDren Kontseilu Politikoak, gehiengo zabalarekin. Balizko akordio horietako helburua, gauzatzekotan, blokeo politikoaren egungo egoerari aurre egiteko indarrak batzea izango litzateke. Kontseilu Politikoan, hauteskunde orokorrei begirako alderdiaren estrategia politikoa zehaztu du alderdiak.
Cristiano Brown UPYDko bozeramailea erabakiarekin pozik azaldu da; izan ere, horren iritziz, "funtsezkoa" da alderdiaren ideiek eztabaida politikoan jarraitzeko.
"Justizia despolitizatzeko sortu zen gure alderdia, ustelkeriaren aurka borrokatzeko, independentistak geldiarazteko, Estatuari autonomia-eskuduntza batzuk itzultzeko eta, espainiarren arteko benetako berdintasuna lortu nahirik, politika progresistak sustatzeko", adierazi du Brownek. Horren esanetan, "oinarrizkoa" da alderdia erakundeetara bueltatzea "helburu horiek guztiak betetzeko".
Batasuna, populisten eta separatisten aurrean
Kontseiluan zehar, Brownek nabarmendu du "orain inoiz baino gehiago" funtsezkoa dela indar politikoen batasuna, "zuzenbide estatuari behin eta berriz erasotzen dioten" populistei eta separatistei aurre egiteko.
Bestalde, esan du "porrota" dela hauteskundeak berriro egin behar izatea; izan ere, horren ustez, horrek erakutsi du "Pedro Sanchezek ez duela gaitasunik gainerako alderdiekin akordioak egiteko", eta, gainera, "espainiarrentzako beharrezkoa ez den beste gastu bat" izango da.
Apirilaren 28ko hauteskundeetan, UPYD ez zen aurkeztu, eta Ciudadanosentzat eskatu zuen botoa; udalerri batzuetan eta Europako hauteskundeetan alderdi horrekin aurkeztu zen. Azken hauteskundeetan, Maite Pagazaurtundua eurodiputatuaren aulkiari eustea lortu zuen.