Politika -
Herri Batasunako zinegotzia
Tomas Albari omenaldia egin diote Donostian, haren hilketaren 40. urteurrenean
Batallon Vasco Españolek (BVAE) hil zuen. Udalbatzako indar politiko guztiek parte hartu dute omenaldian.
Agentziak | Erredakzioa
Tomas Alba Irazusta zinegotziari omenaldia egin dio Donostiako Udalak lore eskaintza batekin. Herri Batasunako zinegotzia duela 40 urte hil zuten. Biktimaren senitartekoek, erakundeetako ordezkariek eta politikariek omenaldian parte hartu dute.
Omenaldia Udalbatza Aretoan egin dute, eta Tomas Albaren alabak eta anaiak parte hartu dute, besteak beste. Era berean, Eneko Goia alkateak eta Udaleko alderdi guztietako (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos) ordezkariek hartu dute parte.
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburua, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubide zuzendaria, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) eta Maria Valiente (Elkarrekin Podemos) Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea, besteak beste, ekitaldian izan dira.
Alba "modu bidegabe eta gupidagabean" hil zutela salatu du alkateak. Horregatik, Udalbatzaren elkartasuna adierazi die senitartekoei.
"Ez dugu ahazten, ezin dugu ahaztu", adierazi du Goiak. 40 urte geroago Euskadik etorkizunari "itxaropentsu, baina iragana ahaztu gabe" egiten dio aurre, erantsi duenez. Horregatik, "memoria, justizia eta biktima guztien erreparazioa" aldarrikatu du alkateak.
Udalbatza Aretoko ekitaldia bukatu ondoren, minutu bateko isilunea eta lore eskaintza egin dute plakaren aurrean. Txistulariek jotzen zuten bitartean arrosa zuriak jarri dituzte.
Ekitaldiarekin, Udalak, Giza Eskubide Batzordearen bidez, "memoria, egia, justizia, erreparazio moral eta indarkeria zein terrorismoaren biktimak duin egiteko eskubidea babesteko konpromiso irmoa izaten jarraitzen du".
42 urte zituela Tomas Alba 1979ko irailaren 28an hil zuten Astigarragan; garai horretan Donostiako auzoa zen. HBko zinegotzia zen, eta Batallon Vasco Españolek (BVAE) akabatu zuen.