Politika -
Ekitaldia Zarautzen
'Batzuek onen eta txarren kontaketa bat inposatu nahi dute', salatu du Sortuk
Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiaren iritziz, "kontaketa horrekin, ez dago eratzerik bidezkoa, egonkorra eta iraunkorra den bakerik".
Agentziak | Erredakzioa
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak salatu duenez, "eragile politiko batzuek onen eta txarren kontaketa bat eta zuzenen eta zuzengabeen arteko kontaketa bat" inposatu nahi dute, eta "horrek ez du inolako zerikusirik gertatutakoarekin"; gainera, Rodriguezen iritziz, "kontaketa horrekin, ez dago eratzerik bidezkoa, egonkorra eta iraunkorra den bakerik".
Ostiral honetan egin ditu adierazpen horiek Rodriguezek, Zarauzko hilerrian. Bertan, Jon Paredes 'Txiki' eta Angel Otaegi ETAko kideen aldeko omenaldian parte hartu du; frankismoan fusilatu zituzten, eta Ahaztuak elkarteak, horien heriotzaren 44. urteurrenean, omenaldi hori antolatu du.
Arkaitz Rodriguezek gogora ekarri ditu, halaber, "demokrazia eta bakearen alde, eta Euskal Herriaren askatasunaren alde bizitza eman duten ehunka lagunak".
"Gureak gogora ekartzeko eskubidea"
"Aldarrikatu nahi dugu eskubidea dugula gureak gogora ekartzeko, geure eskubidea da. Geure memoria babesteko eskubidea dugu, geure kontaketa egiteko eskubidea", nabarmendu du.
Kritikatu du hainbat eragile politiko "lanean ari direla memoria hori kriminalizatu eta baztertzeko. Onen eta txarren kontaketa bat inposatu nahi dute, zuzenen eta zuzengabeen arteko kontaketa bat, eta horrek ez du inolako zerikusirik gertatutakoarekin. Kontaketa horrekin, ez dago eratzerik bidezkoa, egonkorra eta iraunkorra den bakerik".
Ziurtatu duenez, eragile politiko horiek "ezker abertzalearen aurka jotzen jarraitzen dute, eta egunero botatzen dituzte exijentziak, iraganean gertatutakoaren gainean; exijentzia horiek gero eta handiagoak dira"."Ezker abertzaleari zuzentzen zaizkio, nahiz eta ezker abertzaleak, dagoeneko, onartu duen gure herriko indarkerietan eta sufrimenduetan izan duen ardura; horixe egin duen eragile politiko bakarra da", azpimarratu du. "Eragile horiei esaten diegu garaia dela ezker abertzalearekin duten exijentzia-maila hori euren buruarekin ere izateko, eta, bereziki, euskal politikatik, behingoz, euren indarkeriak kentzeko".
Rodriguezen esanetan, bakeak eta elkarbizitzak eskatzen dituzte "biktima guztien onarpena eta erreparazioa, egia osorik jakitea, preso politiko guztien askatasuna, eta autodeterminaziorako Euskal Herriak duen eskubidea onartzea eta errespetatzea".