Politika -
KATALUNIA
Amnistiari eta Guardia Zibilari buruzko ebazpenak inpugnatuko ditu Estatuak
Moncloatik azaldu dutenez, ezingo da helegiterik aurkeztu Kataluniako Parlamentuaren ebazpenak ofizialki argitaratzen diren arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, inpugnatu egingo ditu atzo Kataluniako Parlamentuak amnistiaren alde eta Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzearen alde onartutako ebazpenak.
Kataluniako prozesuaren aurkako epaia kaleratzear den honetan (urrirako espero da), Auzitegi Gorenak buruzagi independentistak zigortuz gero erantzun instituzionala ematea ere adostu zuen Kataluniako Parlamentuak. Ebazpen horren harira, epaitegietara jotzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua.
Moncloako iturrien arabera, bere bidea egin behar duen erabaki politikoa da. Izan ere, ezingo da helegiterik aurkeztu Kataluniako Parlamentuaren ebazpenak ofizialki argitaratzen diren arte. Halaber, Espainiako Gobernuak ez du oraindik erabaki helegitea non aurkeztuko duen.
Ebazpen horietako batean, Auzitegi Gorenak Kataluniako politikari independentistak zigortuz gero presoen amnistia lortzeko lan egiteko konpromisoa agertu zuen Kataluniako Parlamentuak. Halaber, manifestaziorako, mobilizaziorako eta protestarako eskubideak eta adierazpen askatasuna gauzatzeko deia egin zuen.
Bigarren ebazpen batean, Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzeko ez ezik, Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariaren dimisioa eskatu zuten. JxCatek, ERCek eta CUPek alde bozkatu zuten eta En Comu Podem abstenitu egin zen.
Espainiako Gobernuak Kataluniako Parlamentuak onartutako hainbat ebazpen inpugnatu ditu aurretik, Felipe VI.a Espainiako erregeari eta monarkiari buruzko bat, besteak beste.