Politika -
Polemika
Cs-k EAEko 'bigarrena' kargutik kendu du, PPrekin koalizioa negoziatzeagatik
Javier Gomez, orain arte EAEko Antolakuntza idazkaria zena, A10eko hauteskundeetara Euskadiko 'popularrekin' batera aurkezteko hartu-emanak izaten ari zela salatu dute militante batzuek.
Agentziak | Erredakzioa
Ciudadanosek (Cs) Javier Gomez, EAEko Antolakuntza idazkari eta 'bigarrena', kargutik kendu du azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan EAEko PPrekin zerrenda bakarra osatzeko negoziatzeagatik. Alderdi laranjaren arabera, "afiliatuak Alderdi Popularrera eramaten saiatu" da Gomez, eta horregatik kargugabetu du.
Antza, alderdiko militante batzuek zuzendaritzaren aurrean salatu dituzte hartu-emanak.
Cs-ko iturriek argitu dutenez, Gomezen negoziazioek ez dute PPk proposatutako España Suma hauteskunde koalizioarekin zerikusirik. Horien esanetan, zerrenda bakarra osatzea Madrilgo zuzendaritzari dagokio, eta EAEko filialak "ezin du bere kabuz ezertxo ere erabaki".
EAEko PPren izenean, Iñaki Oyarzabal Arabako 'popularren' presidentea mintzatu da sare sozialetan.
"EAEn, Nafarroan bezala, ona eta beharrezkoa da indarrak batzea, boto konstituzionalista sendotzeko. Akatsa da Riverak aukera horri ateak ixtea eta EAEko afiliatuen eskaerei entzungor egitea. Egin dezagun politika; igandera arte garaiz gabiltza", bota du Twitterren.
Apirilaren 28ko hauteskundeetan PPk eta Ciudadanosek ez zuten diputaturik lortu EAEn.