Politika -
Hizkuntzen Eguna Europan
Nafarroako Parlamentuak hizkuntza-aniztasunaren eta eleaniztasunaren alde egin du
Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzeko eta indartzeko borondatea azpimarratzeaz gain, euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpena babestu du Parlamentuak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak "Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzeko eta indartzeko" borondatea azpimarratu du eta "euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia" azpimarratu du.
Hizkuntzen Europako Eguna izanik, pasa den astelehenean Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionalaren irakurketarekin eman dio hasiera Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Unai Hualdek, Osoko Bilkurari.
Parlamentuak, horrela, bere egin du "Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzeko eta indartzeko" borondatea, eleaniztasuna defendatzen du eta "euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpena· azpimarratzen du, "herritar guztion ondarea izanik".
Hizkuntzen Europako Eguna irailaren 26an ospatzen da, besteak beste, Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzea eta indartzea bilatzen baitu.
Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunaren jarraibideekin bat, hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzearen aldeko apustua egiten duela, eta haren ikuskera babestu egiten duela azpimarratu du Hualdek; alegia, hizkuntzak ikastea aberaste pertsonal gisa eta XXI. mendeko Europako herritartasunaren oinarri gisa hartzen du Nafarroako Parlamentuak.
Nafarroako Parlamentuak, halaber, azpimarratu egin du euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia, eta euskara babestu eta sustatzearen aldeko apustua egiten du, gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria izan dadin, Nafarroako herritar guztien ondarea den aldetik.