Politika -
A10eko hauteskundeak
Esteban, Legarda eta Agirretxea izango dira berriro EAJren zerrendaburuak
Horixe erabaki du EAJren Aberri Batzarrak, alderdiaren aginte organo gorenak, Euzkadi Buru Batzarrak egindako proposamena “aho batez” onartuta.
agentziak | erredakzioa
Aitor Esteban, Mikel Legarda eta Joseba Agirretxea izango dira berriro Kongresurako Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako EAJren zerrendaburuak, azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan, apirilekoetan izan ziren moduan.
Horixe erabaki du EAJren Aberri Batzarrak, Euzko Alderdi Jeltzalearen aginte organo gorenak, Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) eskaria "aho batez" onartuta; izan ere, apirilaren 28an Kongresurako eta Senaturako aurkeztu zituzten zerrendak errepikatzea proposatu zuen EBBk.
Bilbon egindako batzarraren atsedenaldi batean Mireia Zarate EBBko idazkariak adierazi duenez, azaroaren 10eko hauteskunde errepikapenak "egoera berezian" jarri du alderdia, eta EAJk ez du denbora nahikorik hautagaiak izendatzeko ohiko prozesua egiteko; hau da, lehenengo proposamenak jasotzeko eta gero hautagaiak izendatzeko.