Politika -

Alkartasun Eguna Zumaian

EAren proiektua indartzeko 'batasunerako' deia egin du Gezuragak

"Euskal Herria eta bere herritarren ongizatea hobetzeko hitzarmenak eta sareak bilatu ohi dituen" alderdia dela Eusko Alkartasuna azpimarratu du jarduneko idazkari nagusiak.

Alkartasun Eguna Zumaian (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Alkartasun Eguna Zumaian (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
EAren zatiketa agerian gelditu da Alkartasuna Egunean, Zumaian

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumaian ospatu du Eusko Alkartasunak Alkartasun Eguna gaur, jarduneko idazkari nagusia, Joseba Gezuragak zehaztutako erronkekin: "Datorkigun egoera ekonomiko zaila; hauteskunde orokorrak; proces-eko buruzagien kontrako epaia eta alderdiaren barruko egoera eta barne-hauteskunde prozesua".

"Euskal Herria eta bere hiritargoaren ongizatea hobetzeko hitzarmenak eta sareak bilatu ohi dituen" alderdia dela Eusko Alkartasuna azpimarratu du Gezuragak.

"Balorean" jarri du Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak alderdiaren bizitza luzea, eta bere "lan guztia jendartearen onerako" diren politiken alde izan dela gogoratu.

"Erakundeetan izan dugun jarduerak gizartearen onerako izan diren politikak eman ditu: diru-sarrerak bermatzeko errenta, gatazkako biktima guztien aitortza, ikerketa eta garapenean inbertitu dugu, guztion Euskal Herria eraikitzeko", adierazi du, "helburu politikoak lortzeko elkarlanaren" aldeko apustua eginda.

"Elkartasuna alderdiaren barruan, elkarrekin eztabaidatu eta konponbideak guztien artean bilatuta; elkartasuna gainerako alderdiekin, burujabetza politikoa eta bizi baldintza duinak lortzeko; elkartasuna Euskal Herritik kanpo ere, beste nazioen jendartearentzat ere bizitza duina helburu", erantsi du.

Era berean, beste alderdi politiko eta sindikatuekin ere akordioak bilatzearen alde hitz egin du, "erronka politiko eta sozialei erantzun emateko".

Gezuraga: "Etxe barruan ere lan handia dugu egiteko"

"Etxe barruan ere lan handia dugu egiteko", aitortu du Gezuragak, EAren barruan dagoen barne eztabaidari erreferentzia eginda.

"Besteengan eta guregan konfiantza berreskuratu, historia eta baloreak balioan jarri eta ez ahuldadeak", azpimarratu duenez. "Eusko Alkartasunak eta militantziak merezi dute eta urte hauetan guztietan egindako lanak irautea ere merezi duelako", gaineratu du.

"Batasunak indarra ematen badu, batasun ezak kontrakoa dakar", ohartarazi du, eta "demokratikoki hartu diren erabakien bidez, alderdiaren organoei eta bere eskumenei zor zaien errespetutik baino ezin gara, estatutuetan oinarrituta, egoera berri batera iritsi".

Pello Urizarren dimisiotik hiru hilabete betetzear daudenean, primarioen prozesua hasita dago dagoeneko. "Datorren astetik aurrera dagokion erroldan sartuta dagoela esango zaio afiliazioari, hautagaiak urriaren 14ean ezagutuko dira eta 25ean hautaketa izango da", ziurtatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Bizkaia EA Gipuzkoa Eguneko albisteak Zumaia bideoak Albisteak