Politika -
Artea (Bizkaia)
Esteban: 'PP, Cs eta Voxen gobernu bat Euskadirentzako arazo oso larria litzateke'
Hauteskunde "oso irekiak" direla ohartarazi du Kongresuko EAJren bozeramaileak, "dadoak botatzen diren bakoitzean" eskuinak irabaztea gerta daitekeelako.
Agentziak | Erredakzioa
PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako gobernu bat Euskadirentzako "arazo oso larria" litzatekeela adierazi du Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak ostiral honetan.
"Euskadirentzat arazo oso larria litzateke, Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Vox nola dauden ikusita; oso egoera kezkagarria litzateke", esan du. "Azpiegitura eta politiketan euskal interesen defentsa" bermatzeko aukera onena EAJ dela azpimarratu du Estebanek, baita "euskal nazio gisa herri hau defendatzeko eta hiruko posible horren aurrean harresia jartzeko ere".
Hauteskunde "oso irekiak" direla ohartarazi du Estebanek, "dadoak botatzen diren bakoitzean" eskuinak irabaztea gerta daitekeelako.
EAJ Espainiako politikaren "porrotaren" erantzule ez dela uste du bozeramaile jeltzaleak, gobernu bat izateko "eskura zuen guztia" egin duelako. Zentzu horretan, PSOErekin eta Unidas Podemosekin "inolako akordiorik izan gabe" sei botoak eskaini dituztela gogorarazi du Estebanek.
Bozeramaile jeltzalearen ahotan, botoa ez ematea erabakitzen duenak, "hain zuzen ere, zerbait aurpegiratu nahi dion jendea saritzen du". "Jokabide hori salatu eta Euskadi desberdina dela esan nahi baduzu EAJri boza ematea da aukerarik onena", gaineratu du segur aski Bizkaiko zerrendaburua izango denak.
Datozen 50 egunetan kanpaina egitea egokituko zaiola ziurtatu Estebanek, "baina PSOEren jarduneko Gobernuari etengabe deituko diot, euskal gizartearekin eta EAJrekin hartutako konpromisoak eta eginbeharrak bete behar dituela esateko; posible bada azaroak 10 baino lehen konpromisoak betetzeko ministroei deituko diet".